AKTUALITATEA / Bertsolaritza
300 lagundik gora bildu ziren Gaztetxeak Bertsotaneko finalean, Azkoitiko Gaztetxe berrian
Aurtengo edizioan Euskal Herriko zazpi Gaztetxetan aritu ondoren, giro ederrean egin zuten finala larunbatean: Eli Zalduak eta Suhar Gesalagak jantzi zuten txapela. "Sentitzen dugu helburuak betetzen ari garela", azaldu dute antolatzaileek: "Gaztetxeen aldeko borroka hedatu nahi dugu".
2026eko maiatzaren 18 - 07:47
300 lagundik gora bildu ziren Gaztetxeak Bertsotaneko finalean, Azkoitiko Gaztetxe berrian

Urtarrilaren hasieran, Igorreko (Bizkaia) Kiñu Gaztetxean eman zioten hasiera Gaztetxeak Bertsotan ekimenaren bigarren edizioari, eta geroztik, Euskal Herriko sei Gaztetxetatik igaro da bertso-sariketa: Berrizko (Bizkaia) Hiltegixe Gaztetxetik, Beasaingotik (Gipuzkoa), Garazikotik (Nafarroa Beherea), Txantreako (Iruñerria, Nafarroa) Maiatzak1 Gaztetxetik, Gasteizkotik (Araba) eta Bilboko (Bizkaia) 7Katutik. Ibilbide horren azken mugarri modura, joan den larunbatean izan zen bigarren edizioko finala, Azkoitiko (Gipuzkoa) Gaztetxe berrian. Hiru bikote sailkatu ziren finalerako, Haira Aizpurua eta Ander Sarri, Aitor Tatiegi eta Iradi Barrenetxea, eta Suhar Gesalaga eta Eli Zaldua. Bada, azken biek eraman zuten txapela etxera.

Iaz jarri zuten martxan Gaztetxeak Bertsotan, "Gaztetxeen eta bertsoen inguruan gabiltzan batzuon kezketatik", antolatzaileek azaldu dutenez. Bikotekako sariketa bat da, Gaztetxez Gaztetxe egiten dena. Bi helburu nagusi azpimarratzen dituzte: "Batetik, bertsolari gazteei plaza eskaintzea. Plaza horiek festa-giroko saio eroso eta dibertigarriak izatea nahi izan dugu eta, aldi berean, gazteon kezka eta interesekin lotutako ahots kritiko eta politizatuei lekua ematea. Bestetik, Gaztetxeen eta bertsoaren arteko harremana estutzea. Hau da, bertso munduan dabilen jendeak Gaztetxeekiko eta politikarekiko gertutasuna sentitzen duen neurrian, Gaztetxeen inguruan dabiltzan belaunaldiak bertsozaletzea. Beraz, sariketak Gaztexeei beraiei bultzada ematea ere badu helburu".

"Aurreko urteko edizioa lehena izan zen eta dena pixka bat esperimentala zitzaigun. Aurtengoan, ordea, esperientzia hori oinarri hartuta formatua findu eta martxan jartzea gutxiago kostatu zaigu", azaldu dute. Iaz igaro gabeko hainbat Gaztetxetan aritu dira oraingoan; "berriak direnak, arriskuan daudenak, urteak lanean daramatzatenak...". Lekuan lekuko asanbladekin elkarlanean antolatzen dituzte saioak, eta txalotu dutenez, "ikusleen erantzuna oso ona" izan da berriz ere. "Sentitzen dugu helburuak betetzen ari garela".

Larunbateko saioa, hain justu, Azkoitiko Gazte Asanbladarekin elkarlanean prestatu zuten: bazkaria, Berunen kontzertua eta "Gazteak gazteagoekin" izeneko bertso-poteoa egin zituzten kalean, finala Azkoitiko Gaztetxean bertan, eta ondoren Ameba eta Sekule taldeen kontzertua Zurt tabernan. "Giro ederrean joan zen finala, 300 ikusle baino gehiagoren beroan, gazteen kezkak umoretik jorratzen aritu ziren bertsolariak". Publikoak hala erabakita, Eli Zalduak eta Suhar Gesalagak jantzi zuten txapela; eta Azkoitiko Gazte Asanbladak erabakita, Ander Sarriugartek eta Haira Aizpuruak eraman zuten asanbladaren saria. Azkenik, antolatzaileek erabakita, Aitor Tatiegik eta Iradi Barrenetxeak haiek kantatutako bertso-afari bat jaso zuten saritzat.

Finalean bertan, Gaztetxeen aldeko ekitaldi bat izan zen oholtza gainean. Desalojatu berri duten Galdakaoko (Bizkaia) Gaztetxeko kideek, desalojo arriskuan dagoen Gernikako (Bizkaia) Gaztetxeko kideek, epaiketa-prozesuan dauden Kiñuko kideek eta okupatu berria den Azkoitiko Gaztetxeko kideek parte hartu zuten. "Gaztetxe bakoitzaren berri eman eta Gaztetxeen aldeko borrokaren garrantziaz hitz egin zuten, eta, Gaztetxeen loraldiari bultzada emateko, Euskal Herriko Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Topaketetara joateko deia luzatu zuten", diote antolatzaileek: "Pozgarria izan da ibilbide osoan zehar ikusleen, bertsolarien zein asanbladen partetik jasotako erantzun ederra".

"Aurrera begira, orain arteko sariketa formatuaz gain, Gaztexe eta Gazte Asanbladen Topaketetan parte hartzeko aukera sortu zaigu [Elorrion izango dira maiatzeko azken asteburuan], eta bertarako ere saio eder bat prestatzen gabiltza", aurreratu dute: "Pozgarria zaigu Gaztetxeen eta Gazte Asanbladen komunitatea indartzen eta batzen dela ikustea, finean, Gaztetxeen aldeko borroka hedatu nahi baitugu, oholtza baten gainetik bada ere".