Udazkeneko oporraldiaren aurretik, bizitzaren garestitzea eta langile-klasearen pobretzea salatzeko mobilizazio-egun indartsua izan zen atzokoa Frantziako Estatuan: 500.000 pertsona inguru mobilizatu ziren Parisen, Lyonen, Marsellan eta beste 80 bat hiritan, azken asteetan ikas-baldintzetan hobekuntzak exijitzeko izan diren mobilizazio historikoen ondoren. Udaletxeak, turismo-bulegoak eta bestelako egoitza instituzional batzuk hartu zituzten jomugan manifestariek zenbait hiritan, baita saltokiak ere: su eman zioten, adibidez, Limogeseko udaletxeari.
Irailaren hasieran sare sozialetan zabaldu zen bideo bat urriaren 17an bizitzaren garestitzearen kontra mobilizatzera deituz, hainbat iturriren arabera, 2018an eta 2019an hain indartsua izandako Txaleko Horien mugimenduari lotuta. Mobilizazio-eguna, gainera, irailaren erdialdetik estatu osoan izan diren ikasle-protesten ondotik etorri da, mobilizazio-ziklo erraldoi bati segida emanez.
Errepresio poliziala latza izan zen beste egun batez (10.000 agente mobilizatu zituzten atzorako, horien erdia Parisen): konfrontazioak izan ziren hainbat hiritan, eta Poliziak ehunka lagun zauritu eta 2.000 pertsona atxilotu zituen denera. Gainera, Saitn Étiennen, 20 urteko gazte batek eskua galdu zuen, Poliziak jaurtitako granada batek jo eta gero. Halako zerbait gertatzen den bigarren aldia da, bi asteko epean: urriaren 5ean, ikasle-protestetan parte hartzen ari zen nerabe bati moztu behar izan zioten eskua arrazoi berdinagatik.
Hori gutxi balitz, Parisen, bizia galdu zuen protestetan parte hartzen ari zen manifestari batek, bihotzeko batek jota antza denez. Gertatutakoa ikertzen ari dira.
Mobilizazioa Baionan: zazpi atxilotu
Ipar Euskal Herrian ere mobilizatu zen jendea atzo, bizi- eta ikas-baldintza hobeak eskatzeko: Baionako (Lapurdi) kaleak hartu eta A-63 autopista blokeatu zuten 5.000 lagunek baino gehiagok arratsaldean. Horren ondotik, manifestarien kontra oldartu zen Polizia hiriko hainbat eremutan (gas negar-eragilea eta LBD tiroketa-gailuak erabili zituzten), eta ordu luzez izan ziren istiluak karriketan. Gutxienez zazpi pertsona atxilotu zituzten.
Errepresioa salatzeko, protesta bat egin dute gaur 16:00etan, Baionako Herriko Etxearen aurrean, Estatu autoritarioaren kontra, klase-batasuna lelotzat hartuta.