Pedro Sanchezek gidatutako Espainiako Gobernuari exijentziarik ez egitea erabaki du PSNk. Izan ere, 78ko Sanferminak Gogoan eta Martxoak 3 biktimen elkarteek aurkeztutako mozioari Iruñeko Udalean baietz esan ondoren, kontrakoa egin du Nafarroako Parlamentuan: abstenitu egin da, eta modu horretan galarazi du mozioak aurrera egin zezala. Ekimen horrek proposatzen zuen, hain zuzen ere, Espainiako Gobernua erantzukizuna bere gain hartzera behartzea, 1978an Iruñeko sanferminetan izandako gertakariengatik eta 1976an Gasteizen gertatutako sarraskiagatik.
Mozio horrek gobernuburua derrigortuko luke, hain zuzen ere, auzi horiei buruzko adierazpen ofizial bat egitera eta aipatutako krimenetan Espainiako Estatuak izandako erantzukizun zuzena aitortzera. Horrekin batera, biktimentzako hainbat eskubide bermatzea eskatzen zuen mozioak. Azkenean, mozioak jasotzen zituen hiru puntuetatik bakarrak egin du aurrera Nafarroako Parlamentuan, "egiari eta erreparazioari" begirako aurrerapausoak eskatzen dituena (alde bozkatu zuten UPNk, Geroa Baik, EH Bilduk eta Contigo Zurekinek, eta abstenitu egin zen PSN). Kontrara, bi puntu bota zituzten atzera, estatu-erantzukizuna aitortzea eskatzen duena eta gobernuburuaren adierazpen ofizial bat exijitzen duena.
PSNk bere jarrera aldatu izana gaitzetsi du 78ko Sanferminak Gogoan elkarteak, abstenitzeaz gain, proposamen alternatibo bat aurkeztu baitzuen azkenean, aipatutako elkarteei aurrez jakinarazi gabe. Euren esanetan, PSNren testuak Espainiako Estatuaren erantzukizuna lausotzen zuen eta ez zuen aitortza ofizialik exijitzen.