ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/10/28 10:50

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak berriz izan ditu hizpide Vueltako mobilizazioak, Eusko Legebiltzarrean oraingoan. Txirrindularitza-lasterketa Euskal Herritik igaro zenean, asko izan ziren Israel Premier Techen kontra protesta egin zutenak, besteak beste Bilbon (Bizkaia). Protesta horiei buruzko balantze errepresiboaren berri eman du oraintsu Zupiriak: azaldu du hiru lagun atxilotu zituztela, beste bi ikerketapean daudela eta polizia-indarrek 48 manifestari identifikatu zituztela.

Ohi bezala Ertzaintzaren defentsa eginez, Segurtasun sailburuak nabarmendu du Ertzaintzak "egoerak eskatzen zuen proportzionaltasunaren arabera" erabili zuela indarra Bilbon. Dena den, manifestarien aurka oldartu ziren ertzaintzak, eta Zupiriak berak aitortu duenez, gutxienez pertsona bat zauritu zuten. Deustuko Etengabeko Arreta Gune (PAC, gazteleraz) batera eraman behar izan zuten, nahiz eta ez duen zauriei eta lesioei buruzko zehaztasunik egin. Ertzaintzako bost agente Mutualian artatu zituztela ere gaineratu du, lesioak omen zituztelakoan.

Irailaren bukaeran jakinarazi zuen Berria-k Ertzaintzak ikerketa bat zeukala martxan, Vueltaren harira Bilbon izandako protestak zirela-eta. Segurtasun Sailak gerora baieztatu zuen horrela zela eta hiru "gertaera" ari zirela ikertzen, ustez, "elkarbizitza eta segurtasuna arriskuan" jarri zutelako. Bere azken adierazpenetan, Zupiriak adierazi du bi delitu posible egon daitezkeela Bilboko mobilizazioan: hain zuzen ere, "desordena publikoak" eragitea eta "agintaritzako agenteei eraso egitea" leporatu diete ikertuei.

Gainera, zenbait arau-hauste administratibo posible ere egotzi dizkiete, Mozal Legeari nahiz kirol-eremuko "biolentziaren kontrako legeari" lotuta. Atzo elDiario.es-ek jaso zuenez, Vuelta Bilbotik pasatzean, Ertzaintzak hamalau pertsona isundu zituen azken araudi hori aitzakiatzat hartuta.

NO HAY COMENTARIOS