ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/05/05 09:03

Pablo Gonzalez jada ez dago kartzelan bakartuta, #FreePabloGonzalez plataformak jakinarazi duenez. 2022ko otsailean atxilotu eta espetxeratu zuten Polonian, eta ordutik izan dute isolamendu-erregimenean; urtebete eta bi hilabete daramatza preso, eta bakartuta igaro du denbora hori guztia. "Kontua da giltzapean sartuta jarraitzen duela, eta hori da larria", azaldu dio plataformako kide batek EITBri.

Behin-behineko kartzelaldian daukate kazetari nabarniztarra, oraindik ez baitago epaiketaren datarik. Behin eta berriz luzatu diote behin-behineko atxiloaldia; azkenekoz joan den otsailean, urte bat bete zenean kartzelaratu zutenetik. Hilabete honen bukaeran, berriz aztertuko dute kasua Poloniako auzitegiek, Gonzalez behin-behinean preso mantendu edo ez erabakitzeko.

Ustezko frogak

Azken egunetan, Gonzalezi buruzko hainbat ustezko "informazio" argitaratu dituzte zenbait hedabidek; zehazki, egoitza Islandian duen errusiar komunikabide oposiziogile batek, #FreePabloGonzalez-eko Juan Teixeirak jakinarazi duenez. "Iturri anonimo bat" aipatuta eta inolako frogarik aurkeztu gabe, nabarniztarra hainbat urtez Errusiako Armadaren espioi modura aritu izan dela esan du hedabide horrek. Gonzalezek errusiar lider oposiziogile baten alabarekin bikote-harreman bat izan zuela argitara eman du horretarako; ustez, bere ordenagailuan emakume horri buruzko txostenen bat aurkitu dutela esan du.

"Filtrazio interesatu bat da, Pablo bizi den egoera justifikatzeko", salatu du Teixeirak. "Harritzen gaitu informazio horiek orain ateratzeak, abokatuek ere ez dutenean izan aukerarik kazetariaren gailu mugikorretara sarbidea izateko", adierazi du #FreePabloGonzalez plataformak. Defentsari ez diote ustezko froga horiek ikusten utzi.

NO HAY COMENTARIOS