ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Julen Axpe
2024/02/01 12:08

Azken asteetan ere asko hitz egin da hedabideetan Urdaibain Guggenheim museoaren luzapen bat sortzeko proiektuari buruz, EAJko politikari ugarik eman baitute aditzera, behin-behinean, gelditu egingo dutela proiektua. Adi egotera deitu du, ordea, Busturialdean martxan jarritako Guggenheim ez dinamikak: "hauteskunde-klabean denbora irabazi nahi duten arren, proiektua aurrera doa, eta museoak egiteko beharrezkoak diren kudeaketak egiteko baliatuko dute denbora hori".

Guggenheim ez-ek, beraz, beharrezkotzat jo du "kalean Guggenheimen aurkako borroka aktibatzen jarraitzea", "alderdi politiko instituzionalen interes elektoralisten eta promesa faltsuen gainetik". Horri lotuta antolatu dute jardunaldi indartsu bat otsailaren 17rako, Gernikako (Bizkaia) Astran.

Proiektu suntsitzaileak izan ditzakeen ondorioak aztergai

Seinalatu dute "langile-klasearen miseria eta Urdaibairen suntsipena" ezkutatzen direla Guggenheim eraikitzeko proiektuaren atzean, eta Busturialdean bertan planak izan ditzakeen ondorioak landuko dituztela Astrako jardunaldian. "Proiektuaren eragina ez dugu museoetara bakarrik mugatu behar, eta inpaktua nabarmena izango du jada arriskuan dauden biosfera erreserbako ekosistema zaurgarrietan", aurreratu dute dinamikako kideek. Ohartarazi dute, gainera, "etxebizitzaren prezioaren gorakada nabarmena aurreikus" daitekeela, baita "lan prekarioak eta desegonkorrak, garraioaren eta beste zerbitzu batzuen saturazioa, aisialdiaren elitizazioa eta euskararen galera" ere.

Otsailaren 17ko jardunaldian, zehazki, egun osoko egitarau bat izango da. Goizeko 11:30erako jarri dute lehen hitzordua Astran, mahai-inguru batekin: proiektu suntsitzaileen aurkako esperientzien inguruan arituko dira Guggenheim Urdaibai Stop, Sañu Bizirik eta Arabako Mendiak Aske plataformako hainbat kide. Astran bertan bazkaltzeko aukera egongo da gero, eta horren ondoren hasiko da eguneko bigarren saioa: Guggenheim, ez hemen ez inon! izeneko hitzaldia eskainiko dute 17:00etatik aurrera, "makroproiektu turistikoen inpaktua" aztertzeko. Eguna biribiltzeko, bertso-poteoa egingo dute Gernikako kaleetan barrena.

Antolatzaileek gogorarazi dute Urdaibai biosfera erreserban egin nahi duten "enegarren proiektu suntsitzailea" dela Urdaibaiko Guggenheim. "Ekosistemen zaintza bigarren plano batera pasatzen da elite ekonomikoentzat etekin handiak lortzeko aukera sortzen zaienean", salatu dute.

NO HAY COMENTARIOS