Atzo, hilak 9, 35 urteko emakume bat tiroz hil zuen Portugaleteko Udaltzaingoak, eta larri zauritu zuen 37 urteko gizonezko bat. Hainbat hedabideren arabera, udaltzainek autoz jarraitu zituzten biak, Portugaletetik (Bizkaia) Barakaldoraino (Bizkaia), ustez, lapurtutako ibilgailu batean zihoazelako.
Barakaldoko El Regato auzoan egin zieten tiro, haietako bat erailez eta bestea zaurituz. Gurutzetako ospitalera eraman zuten zauritua; dirudienez, poliziek aurpegian sutu zioten tiroa.
Udaltzainek adierazi dute bi jarraituak haiek "autoan harrapatzen saiatu" zirela, eta horregatik egin zietela tiro. Polizien arabera, ibilgailu baten lapurreta salatu zen iragan igandean Portugaleten, eta atzo, auto horren barruan zihoazen gerora pertsegituak izango ziren bi pertsonak. Barakaldoraino luzatu zen udaltzainen esetsaldia, eta bertan biei "gelditzeko esan" ostean, haiek autoarekin "harrapatzen" saiatu zirela argudiatuta, tiroz egin zieten eraso.