Manifestaziora deitu dute Txantrean (Iruñea, Nafarroa) datorren iganderako, polizia-indarren jarrera eta Auzotegi kultur etxearen aurkako erasoak salatzeko. Deialdian azaldu dutenez, azkenaldian ugariak izan dira auzoan Poliziaren "gehiegikeriak": isunak, polizia-kontrolak, identifikazioak… Aurreko igandean, esaterako, Poliziak "bortizki" sartu ziren Auzotegira. Eraso horiek guztiak salatzeko, Euskara plazan bilduko dira hilaren 13an, 12:00etan, Kalea gurea da. Jazarpen polizialik ez! lelopean.
Pasa den igandean, polizia-indarrak sartu ziren Auzotegira, hainbat pertsona tailer batean parte hartzen ari zirela. "Haien legalitatea hautsiz", Auzotegiko kideek salatu dutenez: "Hainbatetan errepikatu zaie ezin zirela sartu gune pribatu bat delako. Hala ere, une horretan zegoen arduradunarekin indarka, bortizki sartu dira". Kultur etxean zeuden kideak kanporatu eta 3.000 euroko isuna jarri zieten bakoitzari, eta kanpoan babesa emateko elkartu ziren bi lagun ere identifikatu zituzten.
Auzotegiko kideek jardunarekin aurrera jarraituko dutela jakinarazi zuten joan den astean, eta auzoko eragile ugarik egin dute bat abenduaren 13rako deiarekin. Lau aldarri nagusi nabarmendu dituzte mobilizazioaren deitzaileek: auzoko gazteen aurkako kriminalizazio eta jazarpen poliziala amaitzea, "jarrera txibatoak" baztertzea, eta polizia-indarrek "gure espazioetan inpunitate osoz" sartzerik edo "auzoa okupatzerik" ez izatea.