"Hau da duela hamarkada batzuetatik iragartzen ari garena", zioen berriki Democracia Nacional talde faxistako Miguel Blascok bere Youtubeko kanalean. Defendatu zuen Torre Pachecon izandakoen moduko gertakariak beste toki batzuetan ere izaten ari direla, eta "talka etnikotzat" jo ditu.
Democracia Nacionalek zabaldutako bideo batean, Pedro Chaparro presidenteak "ekintza zuzena antolatzera" deitu zuen hilabete honen hasieran, pertsona etorkinen aurkako ehiza eta lintxamenduak modu publikoan bultzatuz. Handik gutxira, Torre Pachecoko egoerak eztanda egin zuenean, are zehatzagoa izan zen Democracia Nacional: sareetan, jarraitzaileei dei egin zien "agitazio- eta propaganda-irteerak antolatzera", "immigranteei laguntzeko zentroak aurkitzera", eta "sareetan horren lekukotza eta ikusgarritasuna ematera".
Arriskua beste leku batzuetan
Público atariak jaso duenez, komunitate magrebtarraren kontrako erantzunak beste foku batzuk ere baditu jada, Sabadell (Bartzelona), L'Hospitalet de Llobregat (Bartzelona) edo Alcalá de Henares (Madril) kasu. Euskal Herria ez dago salbu, noski: Hernanin (Gipuzkoa), adibidez, zortzi talde-eraso arrazista izan ziren azken sanjuanetan, zenbait pertsona magrebtarrekin izandako borroka baten aitzakiapean.
Kanal faxisten lana
Torre Pachecon izan diren lintxamendu arrazistak hainbat alderdi eta talde faxistak hauspotu dituzte, Democracia Nacional bera, Vox, Deport Them Now edo Frente Obrero kasu. Kanal faxista eta erreakzionario ugaritan ere bultzatu dituzte pertsona magrebtarren aurkako erasoak, masa-komunikabideen intoxikazioaz gain.
Begirada hurbilago jarrita, Euskal Herrian ere badira "segurtasunaren" izenean pertsona magrebtarren aurkako buloak eta gorrotoa zabaltzen ari diren kanalak, Iruñeko (Nafarroa) Esto es un pitorreo kanala kasu. Bertan, sistematikoki argitaratzen dute komunitate magrebtarraren aurkako informazio manipulatua edo zuzenean faltsua; eta Torre Pachecoko etorkinen ehizari dagokionez, zehazki, hura justifikatu zuten. Honela zioten Esto es un pitorreo-ren argitalpen batean: "Bost marokoarrek Torre Pachecoko agure bat jotzen dute, 'errua eskuin muturrarena da'. Torre Pachecoko bizilagunak kalera ateratzen dira erasotua izan den agurea defendatzera, 'eskuin muturrekoak dira'. Ogia garestitzen da, 'errua eskuin muturrarena da'. Orain dena da eskuin muturraren errua".
Sareetan gorroto-mezuak hedatzeko kanal gehiago ere ikusi ditugu aurrez gurean, hala nola, Lo que no te cuentan de Donosti.