Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak uztailaren 21ean onartu zuen Armagintza eta defentsa neurrien sostengua Euskadiko polizia-indarrentzat dekretu zirriborroa. Gobernu Kontseiluaren esku dago orain, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratzen denean, polizia-indarren armatzeari buruzko arau berriak ezartzeari ekin beharko diote herriz herri, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Dekretuaren arabera, lekuan lekuko polizia guztiek, udaltzaingoek alegia, pistola bat eraman beharko dute aurrerantzean. Zehazki, su-arma laburrak izango dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 81 polizia-indarretako agente guztiek; 9mm parabellum kalibrekoak. Araudi berria argitara ateratzen den unetik hasita, udalerri handiek urtebete izango dute poliziak armatzeko. 5.000 biztanle baino gutxiagoko herrien kasuan, bost urteko epea izango dute neurri berria betetzeko.
Hala dio Erkorekak aurkeztutako dekretu zirriborroak: "Udaltzaingoa duen toki-erakunde bakoitzak, bere toki-erakundeko udaltzaingoko kide guztiei banaka emango dizkie baliabide teknikoak eta defentsa-baliabideak, beren zerbitzurako". Aipatutako derrigorrezko su-armaz gain, pistolarentzako zorroa, munizioa, babes-txalekoa, girgiluak eta abar emango dizkiete erakundeek udaltzain guztiei. Udaltzaingo bakoitzeko agintaritzak zehaztuko du, gainera, zein den muniziorik egokiena lekuan leku.
El Diario atariaren esanetan, Jaurlaritzak onartu berri duen Polizia Legearen erreformaren "bilakaera logikoa" da azken dekretua. Aldaketa horretan, tokiko poliziak armaz hornitzeko asmoaren berri ematen zuten jada. Iazko irailean ere jakinarazi zen udaltzain gehienek pistola eramatea ari zela aztertzen Jaurlaritza.