Aurten ere, Iruñean (Nafarroa), San Fermin jaietarako polizia-dispositibo berezi bat iragarri du Espainiako Poliziak. Espainiako Gobernuak Nafarroan daukan delegatuak, Alicia Etxeberriak, eta Espainiako Poliziak Nafarroan daukan buruak, Manuel Jesus del Colladok, atzo jakinarazi zuten 900 agente inguruk parte hartuko dutela sanferminetako dispositiboan. Azken urteetan, ohikoa izan da festetan beste toki batzuetako poliziak bertaratzea eta patruila bateratuak edo elkar-trukeak egitea.
Horrez gain, drone eta helikoptero bidezko ehunka hegaldi egingo omen ditu Espainiako Poliziak uztailaren 6tik 14ra bitartean, "ordena publikoa ziurtatzeko" eta "herritarren segurtasuna zaintzeko", polizia-iturrien arabera. Sei drone erabiliko dituzte horretarako, batez ere ekimenik jendetsuenetan (txupinazoa eta zezenketak kasu); baita helikoptero bat ere.
Gailu horien bidez hartutako irudiak Koordinazio-Zentro Operatiboan (CEOR) jaso ahal izango dituzte unean-unean. Espainiako Poliziaz gain, beste polizia-indar batzuek ere badute sarbidea zentro horretara.