ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/09/25 13:41

Enplegu-erregulazioko espediente bat (ERE, gazteleraz) jarri dute martxan H&M kateak Potugaleteko (Bizkaia) Ballonti merkataritza-gunean daukan dendan, eta 29 langile daude kaleratuak izateko arriskuan. Urtarrilean izan zuten espedientearen berri, baina beharginek sei hilabete eman dituzte beste berririk izan gabe. Espainiako Estatuan H&Mko 500 langile daude kaleratze-arriskuan, 32 denda ixteko asmoa baitu arropa-multinazionalak.

Irailaren 17an izan zuten negoziazio-mahaiaren lehen bilera Portugaleteko langileen batzordeak eta H&Mko zuzendaritzak. Sindikatuek salatu dutenez, bilerak ez zuen fruiturik eman, eta zuzendaritzak "dokumentazioa" banatzeko bakarrik baliatu zuen hitzordua. Horrela, ezinegona zabaldu da arropa-dendako plantillaren barruan.

Izan ere, langileek urtarrilean izan zuten arriskuaren berri, baina ordutik ez dute beste informaziorik jaso. Sei hilabete igarota ere ez diete argitu zein den une honetako egoera . Horrek ziurgabetasuna sortu du beharginen artean, eta "psikologikoki oso gogorra" dela azaldu du Patricia Babuglia langileen batzordeko kideak.

Kaleratzeei aurre egiteko, beraz, grebara deitu dute H&Mko langileek. Lanuzteak egingo dituzte irailaren 27an eta 28an, eta urriaren 4an, 5ean eta 11n ere greba egingo dute. Behargin horiek, baina, ez daude bakarrik. Adierazi dutenez, Bilboko (Bizkaia) Zubiarte eta COS merkataritza-guneetako nahiz Leioako (Bizkaia) Arteako langileek ere protesta egingo dute, Ballontiko H&Mko plantillarekin batera.

Hirugarren espedientea Hego Euskal Herrian

2019tik hona, enplegu-erregulazioko hiru espediente ezarri ditu H&Mk Hego Euskal Herrian. 2017an Bilboko Eliptika Plazako denda itxi zuten, eta 2019an berdina egin zuten Barakaldoko (Bizkaia) Max Centerreko lantokiarekin. 2021ean, bestalde, Hego Euskal Herri osoko langileei eragiten zien espediente bat ireki zuen enpresak.

Protesta egin zuten langileek, eta arriskuan zeuden 56 beharginen lanpostuak mantentzea lortu zuten. Greba mugagabe luze bat egin zuten horra heltzeko. Hori ez ezik, lan-baldintzak hobetzea ere lortu zuten.

NO HAY COMENTARIOS