ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Contropiano-ren bidez
2026/02/09 08:17

Mediterraneoko portuetako langileek nazioarteko greba historiko bat egin zuten atzo: operazioak gelditu zituzten Italia, Grezia, Euskal Herria, Turkia eta Marokoko 25 bat portutan. Munduko Federazio Sindikalak koordinatu zuen protesta-ekintza hori, Italiako USB sindikatuaren deiarekin bat eginez, eta 24 orduko lanuzteak eta material militarra garraiatzen duten ontzien blokeo selektiboa uztartu zituzten langileek. Antolatzaileen balantzearen arabera, mobilizazio "berri" bat izan zen, erantzun zabalagatik eta mugak gainditzen dituen lan-gatazka baten politizazio esplizituagatik, gerra-ekonomiari aurre egiteko.

Emaitza materialak, portuz portu desberdinak izan baziren ere, nabariak eta berehalakoak izan ziren. Eragina bereziki nabarmena izan zen Italian: Genova, Livorno eta Ravenako portu garrantzitsuetan, ZIM enpresaren zenbait ontzi blokeatu zituzten. ZIM Virginia, armaz beteta dagoena, Livornon ainguratuta egon zen; ZIM New Zealand eta ZIM Australia ontziak, berriz, ezin izan ziren Genovan eta Ravenan porturatu, hurrenez hurren. Beste ontzi batek, Israelgo Estatuak okupatutako Palestinara zihoan MSC Eagle III ontziak hain justu, bere bidea aldatu behar izan zuen. Zamaketariek, gainera, uko egin zioten hainbat gerra-material manipulatzeari, eta hornidura militarraren kate logistikoa eten zuten, USBk ohar batean zehaztu zuenez.

Portuko langileen adierazpenek argi utzi zuten aldarrikapen ekonomikoen eta politikoen arteko bat-egitea. Genovako beharginek zera adierazi zuten apalki: "Historiako une batzuetan, langileriak, kasu honetan portuko langileriak, joko-zelaian sartu behar du eta gauzak pixka bat orekatu behar ditu. Saiatzen ari gara". Lehenago, USBko Francesco Stacciolik arrazoi gehiago eman zituen eskaera ekonomikoak eta politikoak lotzeko, ohartaraziz orain ez erantzuteak ondorio larriak izango lituzkeela langile-klasearen baldintzetan: "Neurri hau hartzen ez badugu, gure gainerako eskaera guztiak gerrak zapalduko ditu". Hori dela eta, gerra inperialista eta genozidioa gaitzesteaz gain, segurtasun eta kontratazio gehiago eskatzen dituzte, "portuko langileak erdigunean jartzeko, eta ez multinazionalen interesak". Freedom Flotillak babesa eta elkartasuna helarazi zizkien greban zeuden langileei, eta nabarmendu zuen "zuen besoa dela gaur egun Gazako gerraren eta genozidioaren industriaren arteko oztopo material bakarra".

Greba duela sei hilabete Genovan egindako batzar batean ernaldu zen, eta beste inflexio-puntu bat markatu du langile-klaseak nazioarteko joko-zelai politikoan esku hartzeko duen zuzeneko ekintzarako gaitasunean. Sektoreko aldarrikapenetatik haratago, mugimenduak nazioarteko koordinazio operatiboa lortu du, arma-trafikoaren normaltasuna urratuz. Arrakasta partzial baina esanguratsu horrek, blokeo egiaztagarriekin, aurrekari argi bat ezartzen du, proletarioen nazioarteko antolakuntzak jokatu behar duen eta jokatu dezakeen moduaren inguruan. Deitzaileen hitzetan, "arrakala" bat ireki beharko luke horrek, gobernuek eta sektoreko korporazio handiek palestinarren aurka sostengatzen duten setio logistiko eta militarraren aurrean.

NO HAY COMENTARIOS