Atzo argitaratu zutenez, joan den urrian 30 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Gasteizen (Araba), pornografia pedofiloa edukitzeagatik eta Internet bidez partekatzeagatik. Itxura denez, haur-pornografiari lotutako aurrekariak ditu.
Urte honen hasieran ekin zioten gizona atzemateko ikerketari, Amerikako Estatu Batuetako Gobernuz Kanpoko Erakunde batek salaketa bat aurkeztu zuenean. Erakundeak jakinarazi zuen, zehazki, nor edo nor pornografia pedofiloa ari zela sarera igotzen Espainiako Estatutik, eta bilaketa-atari ezagun bat erabiltzen ari zela horretarako. Gerora topatu zuten, hain justu, Gasteiztik ari zirela eduki hori igotzen, eta gizona aurkitu zuten.
Urrian, bi etxetan miaketak egitean, haur-pornografia topatu zuten gizonezkoak erabiltzen zituen hainbat gailu elektronikotan. Atxilo eraman zuten.