ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/07/20 16:01

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Euspel eta Erne "sindikatu" polizialek adierazi dutenaren kontrara, Azpeitiko (Gipuzkoa) Gaztetxeak salatu du bart neurrigabe oldartu dela Polizia herriko hainbat pertsonaren kontra. Gazte baten atxiloketaren aurka protesta egin eta gero, hainbat dira polizia-indarrek zauritutako lagunak.

Hedabideek zabaldu dutena gezurtatu dute Gaztetxeko kideek, argitu baitute ez zirela Azpeitiko Udaltzaingoaren egoitzara indarrez sartu, ez eta haien aurka oldartu ere: "Poliziaren muntaiari gezurrez betetako kontakizun mediatiko bat eman eta errelatu faltsu bat lau haizetara zabaldu dute".

Gertaeren argipena

20. urteurrena ospatu zuten atzo Azpeitiko Gaztetxean. Iluntzean, Ertzaintzak gazte bat identifikatu zuen Gaztetxetik gertu, errotulagailuz edukiontzi batean "ACAB" margotzeagatik: isuna jartzearekin mehatxu egin zioten. Hainbat pertsonak identifikazio horren zentzugabekeria adierazi zieten ertzainei, baina haiek hainbat polizia-patruila bidali zituzten lekura, kalea itxiz. Tentsio-uneak izan ziren orduan, eta Ertzaintzak salaketa jarri eta gero, gazteek alde egin zuten bertatik.

Horren ondoren, zazpi gazte bertaratu ziren Azpeitiko Udaltzaingoaren egoitzara, udaltzainek aurreko gertakarietan izandako "erantzukizuna salatzeko asmoz". Gaztetxeko kideek nabarmendu dutenez, eta hedabideek zabaldu dutenaren kontrara, ez ziren bertara indarrez sartu, ezta oldartu ere: "Ez zuten atea indarkeriaz ireki, ezta jarrera oldarkorra erakutsi ere".

Hala ere, bat-batean, Ertzaintzako sei patruila eta bi furgoi agertu ziren udaltzaingoaren egoitza ingurura. Han bilduta zeuden gazteen aurka oldartu ziren ertzainak, eta udaltzainek lagunduta, gazte bat atxiki zuten kotxe baten barruan. Gazte gehiago gerturatu ziren orduan tokira, polizia-autoan zeukaten laguna aska zezatela eskatzeko.

Udaltzaingoaren egoitzara eraman zuten atxikirik hartutako gaztea, bertan identifikatzeko, eta horren ondoren askatu zuten.

Kontzentrazioa gaur arratsaldean, indarkeria polizialaren aurka

"Gogor salatu nahi dugu indarkeria poliziala. Polizia bera izan da liskarra sortu duena eta herrian hainbat gazte zauritu eta identifikatuak utzi dituena. Orain eginbideak abiarazi dituzte gazteen kontra, eta ikusteko dago zer ondorio izango dituen horrek", seinalatu dute gaurkoan Gaztetxetik.

Uste dute "agerian geratu" dela "Poliziaren funtzio diziplinatzailea, errotulagailu batekin pintaketa egiteagatik sortutako zirku guztia ezin baita beste modu batera ulertu". Gainera, "Poliziak duen inpunitatea" ere salatu dute, baita "hedabideek betetzen duten rola" ere.

Indarkeria poliziala salatzeko eta gazteen kontrako kriminalizazioa gaitzesteko, elkarretaratze batera deitu du Azpeitiko Gaztetxeak. Gaur arratsaldeko 18:30ean izango da, Azpeitiko Plazan.

NO HAY COMENTARIOS