ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Diario Socialista
2025/01/13 09:43

Tradizioari jarraituz, Alemaniako mugimendu komunista Berlinen bildu zen atzo, 1919ko urtarrilaren 15ean sozialdemokraziaren agindupean eraildako Rosa Luxemburg eta Karl Liebknecht buruzagi komunisten omenez. Herrialde osoko pertsonak eta taldeak elkartu ziren mobilizazioan: Frankfurter Tor (Karl Marx etorbide enblematikoaren ondoan dagoena) eta Liebknecht eta Luxemburgen gorpuak dauden hilerria lotzen zituen ibilbideak. Amaieran, eroritako sozialista guztiei eskaini zieten memoriala.

Mobilizazio honen historia Weimarko Errepublikan egindako omenaldietatik dator, Karl Liebknechten hiletarekin hasita, 100.000 pertsona bertaratu baitziren. Handik gutxira, Rosa Luxemburgen gorpua ubide batean aurkitu zuten, eta bere kidearekin batera lurperatu zuten Friedrichsfeldeko hilerrian, "gaizkile arruntentzako" txoko batean, Martxoko Erorien Hilerri historikoan lurperatzeko beto judizialaren ondoren.

Iragan hurbilean manifestazio horiek modu gutxi gorabehera lasaian egin badira ere, egoera politikoak giroa tenkatu du. Palestinarren genozidioa hasi zenetik, Alemaniako Gobernuak kriminalizazio-kanpaina bat areagotu du Palestinarekiko elkartasunaren aurka, eta horrek biziagotu egin du mugimendu komunistaren aurkako errepresioa ere. 2024an, horrek hainbat karga polizial ekarri zituen urteroko mobilizazioan, dozenaka zauritu eta atxiloturekin.

Aurten, egoera are bortitzagoa izan da. Poliziaren presentzia ikaragarria izan zen hasieratik: mobilizazioa hasi aurretik, megafoniaz ohartarazi zuen ez zuela onartuko "gizabanako kriminalen goraipamenik", ez eta Palestinako Erresistentziari elkartasuna adierazteko ikurrik erakustea ere. Manifestariek Palestinaren askapenaren eta batasun internazionalistaren aldeko abestiekin erantzun zuten.

Handik gutxira, bertaratutakoen aurka egin zuen Poliziak. Eraso horiek, kolpeak eta piperbeltz-gasa barne, hainbat zauritu utzi zituzten. Horietatik lau berehala ospitaleratu behar izan zituzten, adin txikiko bi pertsona tartean. Gainera, hainbat lagun atxilotu zituzten.

Manifestari batek Diario Socialista-ri azaldu dionez, Poliziaren urduritasuna gazte-mugimendu komunista baten hazkundeari ere badago lotuta. Mugimendua bloke kohesionatu gisa atera da kalera aurten, kargei aurre egiteko gaitasuna erakutsiz. Estandarte eta bandera gorriekin, polizien lehen kargek ez zituzten haien lerroak hautsi, baina agenteek gainerako manifestariei erasotzen jarraitu zuten. Hasierako kargen ondoren, martxak hilerriraino jarraitu zuen, eta bertaratutakoek milaka arrosa gorri utzi zituzten eroritako sozialisten omenezko monumentuaren oinean.

Hala ere, lasaitasuna laburra izan zen. Manifestazioaren amaieran, parte-hartzaileak joaten ari zirela, `Poliziak berriro kargatu zuen euren kontra. Redstream-eko azken orduko informazioen arabera, polizia-indarrek metro-geltoki baten inguruan harrapatu zituzten manifestariak, handik irtetea galaraziz. Lekukoek atxiloketa gehiago, jipoiak eta piperbeltz-gasaren erabilera salatu dituzte, eta jakinarazi dute gizon batek konortea galdu zuela agenteen kolpeen ondorioz. Agintariek metroaren barrualdera joatera behartu zituzten manifestariak, eta harrapatuta izan zituzten erasoek jarraitzen zuten bitartean. Antolatzaileak kezkatuta agertu dira datozen egunetan atxiloketa gehiago egon daitezkeelako, gero eta gogorragoa den eta amaierarik ez duen errepresio-giroan.

NO HAY COMENTARIOS