ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / RED
2024/10/22 10:16

Atzo, urriaren 21ean, gizonezko beltz bat erail zuen Poliziak Cova da Moura auzoan (Amadora, Lisboa). Guztiz argitu ez dituzten arrazoiak direla-eta, pertsona horri segitzen ari ziren hainbat polizia-agente, aipatutako auzora iritsi arte. Badirudi atxilotua izatea ekidin nahi izan zuela, eta ihesera jo zuela. Bere kontra tiro egin zuten poliziek, eta larriki zauritu zuten. Ospitalean hil zen handik gutxira. 43 urte zituen.

Itxuraz, gertakariak ikertzen ari da Portugalgo Barne Ministerioa. Baina, erailketa poliziala justifikatzeko, hainbat hedabidek esan dute hildako pertsonak, teorian, labana bat zeramala. Oraindik osatu gabe dagoen bertsio ofizialaren arabera, Poliziaren patruila-autoa ikustean ekin zion ihesari gizonezkoak, eta atzetik segitu zioten agenteek, Cova da Mouraraino. Bere kotxea zerbaiten kontra jo omen zuen han, eta atxiloketa saihestu nahian jarraitu zuen. Orduan tirokatu zuten poliziek, modu hilgarrian zaurituz.

Hainbat kolektibok salatu dute hilketa, eta Vida Justa taldeak, esaterako, Cova da Moura auzoan jasaten diren jazarpen eta indarkeria poliziala seinalatu ditu.

Erailketa dela-eta, protestak piztu dira bart Amadoran. Besteak beste, errepideak moztu eta suteak eragin dituzte manifestariek, bortizkeria poliziala salatzeko. Poliziari bidean aurrera egitea oztopatu diote, modu horretan.

Londresko polizia hiltzaile bat, absolbitu berri

2022ko irailean, Chris Kaba izeneko gazte bat erail zuen Londresen (Ingalaterra) Martyn Blake polizia-agenteak. 24 urte zituen Kabak, eta 40 Blakek. Amadoran gertatu berri den antzeko egoera bat sortu zen Londresen: antza, auto bat gidatzen ari zen Kaba, eta errepideko polizia-kontrol batetik alde egiten saiatu zen. Atzetik jarraitu zion Poliziak, eta tiroz hil zuen agenteetako batek, Kabaren autoko beira igarota.

Erailketak sona hartu du berriz, zinpeko epaimahai batek oraintxe erabaki baitu gaztea erail zuen agentea absolbitzea. Poliziak deklaratu zuen ez zela bere asmoa Kaba hiltzea, nahiz eta bekokian egin zion tiro, zuzen-zuzenean. Egindakoa justifikatzeko, bere eta bere lankideen biziak arriskuan zeudela argudiatu zuen.

Metropoliko Poliziako agente bat da Blake, eta polizia-indar horrek jakinarazi du berehala itzuliko dela hiltzailea bere lanpostura. Bitartean, protestak hasi dira Londresen, Kabarentzat justizia eskatzeko eta bortizkeria poliziala salatzeko; bereziki, pertsona beltzen aurkakoa.

NO HAY COMENTARIOS