ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/10/17 09:21

Leioa (Bizkaia) eta Portugalete (Bizkaia) arteko itsasadarraren azpian garraio-tunel bat eraikitzeko proiektua martxan dauka Bizkaiko Foru Aldundiak. Subflubialari ezetz esateko eta makroproiektuari aurre egitera deitzeko, mobilizazio bat antolatu dute biharko, urriaren 18rako. Subflubiala geldituko dugu lelotzat hartuta, arratsaldeko 17:00etan aterako da manifestazioa Bilboko (Bizkaia) Arriagatik.

Mobilizazioan parte hartzera deitzeko, protesta-ekintza bat egin zuten atzo arratsaldean hainbat pertsonak, Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregian, Bilbon. Manifestaziora deitzeko pankarta bat hartuta sartu ziren eraikin instituzionalera, eta barruan kateatu zen lagun bat. Modu horretan, berriz erakutsi nahi izan zuten zer nolako gaitzespena sortzen duen autobidea egiteko proiektuak, eta hura eraikitzeak izango dituen "kalte ekologikoak zein sozialak" salatu zituzten berriz.

"Gure ustez subflubiala oso proiektu kaltegarria izango da, bereziki, sustatzen duen garraio-ereduagatik", azaldu dute makroproiektuaren aurkako ekintzaileek: "Milaka kotxe gehiago ipiniko ditu errepideetan, kotxeen aldeko dei-efektua
egingo baitu [...], horrek dakarren kutsadura eta berotegi-efektuko gasen handipenarekin".

Makroproiektuak ekarriko duen gastu publiko ikaragarria ere izan dute gogoan, Bizkaiko Diputazioak 500 milioi euro baino gehiago xahutuko baititu autobia egiteko. "Hobe legoke beste zerbitzu publikoetan inbertitzea; garraio publikoa, zaintza-sistema, osasungintza…", diote aktibistek. Hala laburbildu dute X sare sozialean: "Ez dugu milaka auto gehiago nahi errepideetan, kalitatezko garraio publikoa nahi dugu".

Bestalde, subflubialaren "albo-kalte oso larriez" ohartarazi dute: "Kaltetu nagusiak inguruko ikastetxeak izango dira, ikasleen zein langileen osasunean kalte larriak jasango baitituzte". Gainera, Artaza parkean eta Galindo errekan ere eragingo du proiektuak: "Artaza parkean hamarnaka zuhaitz ebakiko dituzte eta parkearen laurden bat itxita egongo da obrek iraun bitartean. Bere gainean egingo duten zubibideak Galindo errekaren ekosisteman eragin negatiboak izango ditu, babestuta dagoen arrain hiruarantza (gasterosteus aculeatus) arriskuan jarriz".

NO HAY COMENTARIOS