ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/04/29 09:15

Poliziak beste pertsona afroamerikar bat erail du Amerikako Estatu Batuetan. Oraingoan, Ohioko Canton herrian izan da hilketa: hainbat polizia-agentek apirilaren 18an hil zuten Frank Tyson izeneko gizonezko bat, baina oraintsu atera da argitara erailketa erakusten duen bideoa. Hiltzaileetako batek polizia-jantzian zeraman kamera batek grabatu zuen gertatutakoa.

Trafiko-istripu batetik ihes egin zuelakoan jazarri zuten Tyson Ohioko poliziek. Taberna batean zegoela, barrura sartu ziren eta lurrera bota zuten, buruz behera. "Ni hiltzen saiatzen ari dira!", oihukatu zuen Tysonek agenteek indarrez heldu eta bota zutenean. Eskuburdinak bizkarrean lotu zizkioten, eta, lurrean zegoela, lepoa estutu zion belaunarekin agenteetako batek.

8 minutu luzez izan zuten lurrean, eta gutxienez minutu erdiz ito zuen polizietako batek belaunarekin, Tysonek "Ezin dut arnastu" hainbatetan esan arren. Bitartean, pasatzen ziren pertsonekin bromak egiten aritu ziren agenteak, eta bere diru-zorroa miatu zuten.

Une batetik aurrera, Tysonek ez zuen erantzuten. Pultsua hartzen saiatzean eta ohartzean ez zeukala, hura nolabait suspertzen saiatu zen Polizia. Aipatutako kamerak jaso duenez, atxilotuak "Ezin dut arnastu" esan eta 5 minutura, polizietako bati galdetu zion ofizial batek ea Tyson "lasaitu" zen. "Hilik dago agian", erantzun zuen agenteak.

Ustez suspertzen saiatu ondoren, ospitalera eraman zuten Tyson. Bertan hil omen zen, hura eraman eta ordubete baino gutxiagora. 53 urte zituen. Oraingoz, hiltzaileetatik bi kendu dituzte euren polizia-postuetatik, behin-behinean behintzat. Gertatutakoa ikertzen ari omen dira.

1.000 hildako baino gehiago

Joan den martxoan atera ziren argitara The Associated Press-ek egindako ikerketa baten emaitzak. Horren arabera, azken hamarkadan, AEBetako Poliziak gutxienez 1.000 pertsona erail ditu horiek azpiratzeko esku-hartzeetan. Erailketa horietan guztietan, "hilgarriak izan nahi ez zuten bitartekoak erabili" zituzten poliziek; The Associated Press-ek modu horretan izendatzen du, esaterako, agenteek atxilotuak buruz behera jartzea lurrean.

NO HAY COMENTARIOS