ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Agente sionista bat Madrilgo Konplutentse Unibertsitatean, otsailean, pistola aterata. FOTOGRAFÍA / El Diario
2024/10/09 09:04

Mendebaldearen babesa ezinbestekoa da Israelgo Estatuak biziraun dezan, eta aurpegi asko izan ditzake babes horrek. Alderdi horietako bat da, adibidez, Palestinarekiko elkartasuna isilaraztea eta zapaltzea. Bistan da Israelgo Estatuak horixe bera bilatzen duela Mendebaldeko gobernuen partetik: esate baterako, berriki seinalatu du Espainiako Estatua, "gorrotoa sortzeko eta Israelen suntsipena sustatzeko paradisu bat" dela nabarmenduta.

Israelgo Atzerriko Gaietarako Ministerioak adierazpen bat argitaratu du berriki, "haserrea" eta "tristura" erakusteko. Izan ere, jopuntuan jarri du Masar Badil kolektiboak Madril aukeratu izana nazioarteko hitzordu baterako: bertan egin du urteko nazioarteko kongresua, baita manifestazio bat ere, urriaren 7ko altxamenduaren urteurrena dela-eta.

Eta ekimen horiek kriminalizatu ditu berriz Israelgo Estatuak: esan du "onartezina" dela "terrorismoaren gorespena" baimentzea. Masar Badilek "talde terroristekin" lotura duela eman du aditzera berriz, Palestinaren Askapenerako Herri Fronteari (PFLP, ingelesez) eta Samidouni erreferentzia eginez.

Igandean izan zen sionistek aipatzen duten mobilizazio hori Madrilen, Legazpi plazatik hasi eta Atocharaino. Besteak beste, sionisten konplize modura seinalatu zuten Europar Batasuna manifestariek. Jaldia Abubakra da antolatzaileen bozeramaileetako bat, eta argi hitz egin du: "Ez ditugu kaleak utziko".

Paradisu bat?

Hau ez da Israelgo Estatuak Espainiako Gobernuari neurri errepresiboak eskatzen dizkion lehen aldia. Urte honetan bertan exijitu dio legez kanpo utz dezala Samidoun. Eta badirudi preso palestinarrekin elkartasunez aritzen den sarea badagoela Espainiako estatu-aparatuen jomugan: El Mundo egunkari intoxikatzaileak berriki adierazi du Samidounen kontra jo dutela jadanik inteligentzia- eta informazio-zerbitzuek, Euskal Herrian eta Katalunian sustraitze "serioa" duela iritzita.

Agente sionista armatu bat, Madrilgo protesta batean

Espainiako Poliziaren eta indar sionisten arteko elkarlana ere agerian geratu da aurten. Madrilgo Konplutentse Unibertsitateko Filologia Fakultatean protesta bat izan zen joan den otsailaren 8an, diplomazia-ordezkaritza israeldar bat gonbidatuta zegoelako bertako hitzaldi-ziklo batera. Protestan ari zirenen kontra oldartu ziren unibertsitateko segurtasun-indarrak, eta esku hartu zuen Espainiako Poliziako UIP unitateak ere. Badirudi, gainera, bertan izan zirela Informazio-arloko polizia batzuk, kalez jantzita.

Baina Espainiako Poliziaz gain, zerbitzu sionistak ere bertan egon ziren. Hala baieztatu dio Espainiako Poliziak berak Madrilgo auzitegi bati: enbaxada israeldarreko agente baten nortasuna, behintzat, zehaztu dio jadanik. "Pertsona hori legez akreditatuta dago, Israelgo Estatuko enbaxadore andre txit gorena babesteko lanetan ari den langile diplomatiko gisa", jakinarazi diote epaileari polizia-indarrek.

Agente israeldar horrek pistola bat atera zuen Filologia Fakultatean, eta bertan zeuden ikasleak mehatxatu zituen. Hori egiten utzi zioten bertan zeuden Espainiako Poliziako agenteek, nahiz eta orain kontatu duten ez zutela pistola ikusi. Protestan zeudenek azaldu dutenez, oihu egin zuten arma ikustean, baina pistola zeraman agentea ate baten atzean ezkutatu besterik ez zuen egin Poliziak.

Badirudi, orain, gertakariak ikertzen ari dela Madrilgo auzitegi bat, manifestarietako batzuek aurkeztutako kereila dela-eta. "Poliziaren bertsioaren kontraesanak erakusten du Israelgo enbaxadak leku zailean jarri duela Espainiako Polizia", adierazi diote El Diario-ri.

NO HAY COMENTARIOS