ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/10/26 11:11

Gaur goizean, Palestinako herriarekin elkartasunez eta sionistak egiten ari diren genozidioa salatzeko asmoz, bidea moztu dute ikasleek Donostiako (Gipuzkoa), Gasteizko (Araba) eta Leioako (Bizkaia) hainbat puntutan. Zehazki, Donostiako Tolosa hiribidea itxi dute, bai eta Gasteizko eta Leioako campusetako errepideak ere. Besteak beste, edukiontziak bidera atera dituzte gazteek, protesta modura.

Horrekin batera, Palestinako herriari elkartasuna adierazteko eta Israel nahiz bere konplizeak seinalatzeko margoketak azaldu dira Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU/UPV) hainbat fakultatetan. Besteak beste, CAF enpresa seinalatu dute Bilbon (Bizkaia), Israelen kolaboratzaile modura. CAFek Bilboko Ingeniaritza Eskolan daukan enpresa-gela margotu dute, zehazki.

Aurreko astean ere izan ziren hainbat protesta-ekintza EHUn: margo gorri nahiz pintaketa bidez markatu zituzten errektoretza eta Bilboko Ingeniaritza Eskola, unibertsitatea Palestinako sarraskiaren erantzule gisa seinalatzeko.

Mobilizazioak gaur goizean, IAk deituta

Ikasle Abertzaleak antolakundeak mobilizazio deialdiak egin ditu gaurko ere, Palestinar herriarekin elkartasuna! lelopean. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan izango dira mobilizazioak: 11:30ean Gasteizko Elurretatik hasita, 13:00etan Bilboko Indautxu plazatik, 13:30ean Ibaetako (Donostia) Aulariopetik, eta 13:45ean Nafarroako Unibertsitate Publikoko Liburutegi plazatik, Iruñean.

NO HAY COMENTARIOS