ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/03/22 09:14

Otsailaren 28an atxilotu zuten Pablo Gonzalez Polonian, Ukrainaren eta Poloniaren arteko mugatik gertu. Kazetaritza-lanetan ari zen handik; besteak beste, Ukrainan leher egin duen gerrak eragindako errefuxiatu-olatuaren berri ematen ari zen. Espioitza delitu bat leporatu diote Poloniako autoritateek, eta kartzelan preso daukate. Hain justu, bere "kazetaritza estatusaz baliatuta", Errusiarentzako lan egitea egotzi diote.

Atxilotu zutenetik inkomunikatuta daukate; 22 egun dira osotara. Kazetari nabarniztarrari ez diote utzi bere konfiantzazko abokatuarekin, Gonzalo Boyerekin, ez eta bere hurbilekoekin hitz egiten.

"Europako Abokatutzaren Kontseiluko kidea da Polonia, ni ere bai, eta nire kredentziala daukat. Zergatik eskatzen dituzte Poloniako autoritateek beste baldintza batzuk nik Pablo Gonzalez bisitatu ahal izateko?", salatu zuen atzo Boyek. "Poloniako agintariek ezkutatzeko ezer ez balute, utziko ziguten bera ikusten", gaineratu zuen.

Ofiziozko abokatu bat ezarri diote bizkaitarrari Polonian. Boyek azaldu duenez, baina, abokatu horrek zailtasunak ditu kasuaren inguruko agiriak eta informazioa eskuratzeko. Mezu luze bat bidali zion Boyek, zenbait datu emanez zein eskatuz. Ofiziozko abokatuaren erantzuna, baina, laburra izan zen: "Bai, Pabloren abokatua naiz".

Hiru hilabeteko espetxealdia ezarri diote Gonzalezi behin-behinean, baina oraindik ez dute zehaztu noiz epaituko duten. Hamar urterainokoa izan daiteke kartzela-zigorra.

NO HAY COMENTARIOS