Athletic Clubeko zaleak jasaten ari diren errepresioa salatu du Herri Norte Taldeak (HNT), azaldu baitu "intimidazioa eta jazarpena" direla "eguneroko ogia" Bilboko (Bizkaia) San Mames zelaian. Aldarrikatu du "taldea animatzeko laguntasun eta askatasun esparru" izan beharko lukeela horrek, baina "Poliziaren presentzia itogarriak ia ezinezko bilakatzen" duela "futbola bizi nahi dugun moduan bizitzea".
San Mamesen izan diren hainbat eraso gogorarazi ditu, hala nola, "zaletuak haien ideiak adierazteagatik kanporatu" izana edo agenteak "animazio harmailara banderak kentzera sartu" izana. Modu horretan, "eraso arbitrarioak eta futbol aske baten alde dihardutenen aurkako jazarpena normalizatu" egiten dituztela seinalatu du taldeak, kezkaz. "Onartezina da gure harmailetan estatuaren indar errepresiboak inpunitate osoz jardutea", gaineratu du.
HNTren esanetan, "gero eta ohikoagoak" dira "miaketa arbitrarioak, Poliziaren presentzia harmaila barruan eta zaleen arrazoi gabeko identifikazioak", eta nabarmena izaten ari da "Poliziaren biolentzia fisikoa zein psikologikoa". Indarkeria horren guztiaren bitartez, "zaletuen talde edo zati bat kriminalizatzen" ari direla eta "beldurraren kultura ezarri" nahian ari direla uste du.
Aurrekaririk gabeko kanpaina errepresiboa
Horrekin lotzen ditu HNTk iaztik denboraldi honetara bitartean Athleticeko zale andanari jarritako isun ikaragarriak, iritzita "aurrekaririk gabeko jazarpen-kanpaina baten adierazle" dela: guztira, 150.000 eurotik gorako zigorrak pilatu dituzte jadanik. 300 eta 3.000 euro arteko isunak jartzen ari dira zale ugariri.
HNTk oroitarazi du klubeko presidente Jon Uriartek sinatzen dituela zigor guztiak, eta "hainbat gazteren bizitza suntsizen" ari direla isunen bidez: "Aurre egiteko ezinezkoak diren zigor ekonomikoekin makurrarazi nahi gaituzte, prekaritate egoeran bizitzera kondenatuz".
Kriminalizazioari ez
Athleticeko zaleen taldeak salatu du bai kluba bai agintariak "istilu zehatz batzuk" aitzakiatzat hartzen ari direla HNT seinalatzeko eta erreprimitzeko. Baina argi hitz egin du: "San Mamesen zein beste zelaietan, biolentziaren jatorria ez dago gure zaletuen artean. Biolentziaren jatorria 'errespetuaz' eta 'elkarbizitzaz' arduratzen omen diren futbol erakunde eta instituzio politikoen partetik dator, interes handiagoa baitute egiten duten kudeaketa eta estatuaren errepresio-aparatuekin duten konplizitatea kritikatzen dituen edonor isilaraztean".
HNTk oroitarazi du, gainera, klubak "etengabe istiluak sortzen dituzten indar polizialekin elkarlan estuan jarraitzen" duela: "Bere zaletuak babestetik urrun, klubak Iñigo Cabacas gazte athleticzalearen hilketaren erantzule direnekin kolaboratzeko jarrera mantentzea erabaki du. Guk Iñigo gogoan dugu, klubak badirudi erraz ahaztu duela".
San Mames: elkartasun selektiboa eta zentsura
Bestalde, HNTk kezka agertu du "nazioarteko injustizia egoera batzuen aurrean klubak mantendutako isiltasunagatik"; hala nola, Palestinako eta Donbasseko egoeren aurrean. "Beste kasu batzuetan [...] oso erraz lerrokatu da posizio politiko konkretuekin", adierazi du: "Elkartasun selektibo horrek zalantzan jartzen du ea klubak ustez lau haizetara aldarrikatzen dituen balioak benetan defendatzen dituen".
"San Mames, adierazpen askatasuna eta aldarrikapen politikoak bere identitatearen ezaugarri zituen lekua, zentsurarako espazio bilakatu da", jarraitu du HNTk: "Athletic Clubek adierazpen askatasunaren aldeko jarrera politikoa izan du historian zehar, errepresioaren aurkako borrokari lotuta egon dena. Horren adibide dira HBren mahaia osatzen zuten jokalariak, 1976ko derbian ikurrina atera izana edota Espainiako Guda Zibilean jokalari batzuek EAE/ANVren batailoietan izandako parte-hartzea. Non daude balio horiek gaur egun?".
"Ezberdin egiten gaituena defendatzeko unea"
HNTk nabarmendu du Athletic Cluben "degradazioa" erakusten duela aipaturiko guztiak, eta "desagertzen" ari dela "zaletu bezala berezi sentiarazten gintuen hori; munduan bakarra den talde baten parte izatearen harrotasuna". "Futbol modernoak gure ahotsak isilarazi, gure esentzia hustu eta ikusle pasibo bihurtu nahi gaitu", gaitzetsi du.
Athleticeko zaleei mintzatuta, beraz, erreibindikatu du "ezberdin egiten gaituena defendatzeko unea" dela: "San Mames ezin da errepresio-leku bilakatu. Athletic Club bere zaletuok osatzen dugu, eta zalerik gabe, klubak bere oinarria galtzen du. Ezin dezakegu onartu taldea une oro babestu dugunak, munduko edozein txokotara Athletic animatzera goazenak, kriminal gisa tratatzea. Gure pasioa beldurrik, zentsurarik eta jazarpenik gabe adierazi ahal izango dugun futbola nahi dugu".
HNTk "eskubideen alde borrokatzen eta antifaxismoa defendatzen" segituko duela jakinarazi du, azpimarratuta Athletic beti izan dela "erresistentziaren eta askatasunaren ikur". Iragarri du kanpaina bat egingo duela "zaletu bezala bizi dugun egoera ikusarazteko eta borrokatzeko", eta zaletu guztiak deitu ditu "mobilizazioetara batzera eta injustizia honen aurrean ahotsa altxatzera".