ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/12/02 08:16

Agerraldi baten bidez, Mugimendu Sozialistako bi kidek azken hilabeteetan jasandako jazarpen polizialaren berri eman dute aste honetan. Kalez jantzitako poliziek jazarri dituzte modu jarraituan, eta helburu berdina izan dute bi kasuetan: Mugimendu Sozialistako militantzia politikoari buruzko informazioa eskuratzea.

Telefono bidez nahiz haien etxe ingurura bertaratuta egin diete presioa poliziek. Behin eta berriz egin dizkiete geratzeko, informazioa emateko eta zentzu horretan kolaboratzeko eskaerak eta presioa. Aurreko ikasturtean Gasteizko (Araba) campusean atxiki eta identifikatu zuen gazteetako bat Ertzaintzak, martxoaren 24ko ikasle grebako piketeetan; hori aitzakia modura hartuta jazarri dute gerora.

Agerraldian, Mugimendu Sozialistako bi kidek jasandako jazarpen polizialaren testigantzak ematearekin batera, "jardun politiko iraultzailearen egoera zaurgarria azalera atera" dute beste behin ere: "Militantzia politiko iraultzailea babes judizialik gabeko jarduera izan da beti, eta berau erasotua eta jazarria izateko orduan, erraztasun osoz jokatzen da". Ikasturte honetan ere militanteek jasandako "poliziaren jarraipenak, deiak, mezuak, kolaborazio eskaerak, gezurrak, mehatxuak, xantaiak eta abar" aipatu dituzte horren adibide modura.

"Argi daukagu horrek guztiak betetzen duen funtzioa zein den", ohartarazi dute: "Militantzia politikoa arrakalatu, desegin eta hazi ez dadin oztopoak jartzea". Horretarako, batetik, "gezur mekanismoak" baliatzen direla salatu dute, "militanteen determinazioa eta konbentzimendu politikoa ahultzeko" asmoz. Bestetik, seinalatu dute "errelato errepresiboaren baliozkotasuna lortu" nahi dutela jazarpen polizial horren bidez, "erantzun errepresibo bat errazteko". Hori dela-eta, jazarritako pertsonak estututa, "ahalik eta informazio gehien" lortzen eta haien "testigantzak jasotzen" ahalegintzen dira poliziak, gogorarazi dutenez.

"Guztiz mespretxagarria deritzogun praktika horren aurrean irmo mantenduko garela adierazi nahi dugu", nabarmendu dute agerraldian. "Erasoak gogor arbuiatu eta militante iraultzaileonganako jazarpen oro" gaitzetsi dute.

Hona hemen jazarritako gazteen testigantzak:

NO HAY COMENTARIOS