ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Mobilizazioa iazko abenduan. Argazkia: NHuelga
2020/07/01 10:31

Gaur, uztailak 1, Bizkaiko Novaltiako langileek 345. eguna beteko dute greban. 2019ko uztailaren 22an ekin zioten greba mugagabeari, lan-hitzarmen propio berri baten alde. Enpresako hitzarmen berria adosteko negoziazioek huts egin zuten, eta gainera, Bizkaiko beharginei ere estatu mailako hitzarmen sektoriala ezarri zieten 2019ko otsailean.

Mobilizazioekin jarraitzen dute langileek; esaterako, Laudion (Araba) elkarretaratzeak egin zituzten ekainaren 25ean. Atzo, ekainak 30, Zaragozara (Aragoi) mugitu ziren, Novaltiako Akziodunen Batzarra izan baitzen bertan. Farmazia-enpresako bazkideak Euskal Herriko nahiz Aragoiko hainbat farmaziaren jabeak dira.

Atzokoan, beraz, beharginek hainbat protesta egin zituzten Zaragozan, "lan-gatazka konpontzeko zuzendaritzak duen borondate eza" salatzeko. "Azken hilabeteetan grebalariek zuzendaritzako kideen partetik jaso duten bakarra greba eskubidea urratzeko neurriak izan dira", dio ELAk.

Langileek iragarri dutenez, datozen asteetan mobilizazioak izango dira Novaltiaren farmazien aurrean.

Aldarrikapenak

Greban urtebete betetzear direla, Novaltiako beharginek gogora ekarri dituzte borrokaldi honetan egin dituzten eskakizunak. Ondorengo neurriak barne bilduko dituen hitzarmen propio baten alde segituko dute borrokan:

  • Soldata-eskala bikoitza ezabatzea. Kontratu berriek soldata baxuagoak jasotzen dituzte; %35 gutxiago.
  • Gutxieneko soldatatik oso gertu dauden soldatak igotzea.
  • Ordutegien malgutasuna deuseztatzea. Sarri, igandetan edo jaiegunetan lanera joatera behartzen dituzte.
  • Kanporatzeak eta kontratazio prekarioak bertan behera gelditzea.