ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / AP
2024/07/03 13:00

Europar Batasunean iaz atera zuten mahaira Chat Control delako lege-proposamena. Mezularitza aplikazioen bidez bidalitako edukia legez miatu ahal izateko neurriak jasotzen ditu proposamenak, aurrekaririk gabeko kontrol legeztatu bati bide egiteko. Hala, aukera erreal bat bihurtu da muturretik muturrerako zifratzea deiturikoa eta mezuen enkriptatzea desagertzea, edozein elkarrizketa pribatu miatu eta eskaneatu ahal izateko; esaterako, Whatsapp edo Signal aplikazioetakoak.

Chat Control legearen arabera, teknologia-enpresak derrigortuta egongo lirateke erabiltzaileen mezu pribatuak eskaneatzera, modu automatikoan eta jarraian. Testu-mezuak, posta elektronikoko mezuak eta abar eskaneatu beharko lituzkete, teorian, "legez kontrako edukia" atzeman eta identifikatu ahal izateko. Adimen artifizialaren bidez, mezuetan helarazitako edukia eskaneatuko litzateke, arakatze masibo baterako.

Neurri hori justifikatzeko, haurren kontrako sexu-esplotazioari eta erasoei aurre egitea hartu du aitzakiatzat Europar Batasunak. Joan den ekainaren 20an bozkatzekoa zen lege-proposamena, baina, momentuz, atzeratu egin dute bozketa. Europar Batasuneko Kontseiluko agintaritza belgikarrak azken unean gibelatu zuen botazioa.

Aurrekariak

Europar Batasunak 2023an aurkeztu zuen Chat Control araudia: iazko uztailean atera zen argitara, gaiari buruzko eztabaida 2022an ireki bazuten ere. Hasieran, neurri-sorta irismen zabalagokoa izatea proposatu zuten, baina aldaketak babesa lortzea kolokan egon zitekeela iriztean, zenbait muga jarri zizkioten proposamenari. Gerora zehaztu dute, adibidez, eduki konkretu bat baino ez omen luketela eskaneatuko mezularitza aplikazioetatik: argazkiak, bideoak eta esteka digitalak, hain zuzen ere.

Horren aurretik, hala ere, Europar Batasunak hogei estatutako gobernuei galdetu zien ea zer iritzi zuten herritarren elkarrizketa pribatuak irakurtzeko aukerari buruz. 2023ko udazkenean eman zuten horren berri. Itxura denez, gobernu gehienak agertu ziren alde (Espainiako Gobernua izan omen zen aldeko jarrerarik indartsuena erakutsi zuena), nahiz eta aukerak polemika handia ekarri duen gerora.

Muturretik muturrerako zifratzea desagerrarazteko neurri-sorta 2023ko urriaren amaieran bozkatu zuten Europako Parlamentuan, eta ez zuen nahikoa babes lortu.

Mezuen enkriptatzea haustea

Mezu pribatuak kontrolatu ahal izateko urratsak egiten jarraitu nahi izan dute Europar Batasunean, dena den, eta tranpa bati heldu diote proposamenak aurrera egin dezan: zifratze-sistema "hautsi gabe" mezu pribatuak irakurri ahal izatea bilatuko omen dute.

Signal eta bestelako enpresa handi batzuek ohartarazi dute, ordea, zalantzagarria dela promesa hori. Nabarmendu dutenez, arakatu eta eskaneatuko den edukia mugatu arren (argazkiak, bideoak eta estekak "bakarrik" izan daitezen), apurtu egingo lukete enkriptatutako zifratze-sistema.

NO HAY COMENTARIOS