ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / El Mundo-ren bidez
2025/06/19 06:25

Madrilgo udaltzain bat atxilotu dute zuhurtziagabekeriazko hilketa egotzita, 36 urteko gizonezko magrebtar bat erail baitzuen ekainaren 17tik 18rako gauean, Torrejón de Ardozen (Madril). El Mundo-k eta El Caso-k aipatutako iturri polizialen arabera, biktimak telefono mugikor bat ostu zuen beste pertsona batekin batera, eta hori hartu zuten aitzakiatzat bi poliziak (zerbitzuz kanpo zegoen bata eta erretiroa hartuta dago bestea) gizona jazartzeko eta indarrez azpiratzeko, lurraren kontra jarrita.

Immobilizazio-mugimendu horien bidez, udaltzainetako batek hil egin zuen mendean hartutako pertsona, itota hain zuzen ere. Lekukoek azaldu dutenez, poliziek lepotik eutsi zioten. Eskuburdinekin lotu zutenean, ikusi zuten ez zuela erantzuten, eta hilketa egiaztatu zuten horren ondoren bertaratu ziren polizia-agenteek. 23:30ean izan zen erailketa, Pesquera kalean.

Polizia Zientifikoak ingurua ikuskatu zuen ustez, eta zaintza-kamerek egindako grabazioak aztertuko omen ditu, gertatutakoa argitzeko. Espainiako Polizia Nazionaleko Giza-Hilketen V Taldeak hartu du bere gain ikerketa, eta guardiako epaileak agindu zuen autopsia egin zedila, baita inplikatutako agenteen alkoholemia-probak ere. Autopsia eta lekukoen adierazpenak erabakigarriak izango direla dirudi.

NO HAY COMENTARIOS