ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
M1 Langileontzat plataformak antolatutako mobilizazioa, Maiatzaren Lehenean. Argazkia: M1 Langileontzat
2020/01/28 19:34

Hego Euskal Herrian greba orokorra izango da etzi, urtarrilak 30. M1 Langileontzat plataformak iragan asteburuan jakinarazi zuen, ohar bidez, bat egin duela greba deialdiarekin, "betiere, klase batasuna eta langile klase osoaren interesak erdigunean jarriko dituen borroka bat aktibatzeko asmoarekin". Hala, Donostian (Gipuzkoa) izango diren mobilizazioen barruan, zutabe propioa deitu du, Ofentsiba kapitalistaren aurrean, klase batasuna izenpean. 11:15etan irtengo da blokea, Aulariopetik.

Deialdian, beharrezkotzat jo dute "langile klaseak dituen baldintza materialak kontuan hartzea eta lehentasunezko beharrei erantzutea". Gogoan izan dituzte, "lana galtzeko arriskuagatik edo egun horretako soldata beharrezkoa zaielako", grebara batzeko zailtasunak izango dituzten sektoreak; "sektore proletarizatuenak". "Langile batasuna ahalbidetuko duten borroka formen inguruan hausnartzeko beharra" mahaigaineratu dute, "langileriaren sektore zabalak integratzeko gaitasuna izango duten" moldeei erreferentzia eginez.

Klase borrokaren gordintasuna

M1 Langileontzat plataforma "krisi ekonomiko garaian" jaio zela gogorarazi dute: "Gertutik ikusi dugu langile klasearen gaitasun ekonomikoen gutxitzea". Bizi dugun ofentsiba kapitalistak "soldaten edota pentsioen balioaren debaluazio orokorrak" ekarri dituela diote, baita egoerak "langileon arteko lotura eta saretze gaitasunetan eragin zuzena" izan duela ere, "bakartze egoerak eta babesgabetasuna eraginez".

Debaluazio orokor horren baitan hartu diren neurriek; hala nola, lanaldien luzatzea, epe motzerako kontratuen gorakada edota erretiro adinaren atzeratzea, "klase borrokaren gordintasuna agerian utzi" dutela azaldu dute plataformako kideek. Gainera, adierazi dute "oso zaila" ikusten dutela, "epe motzean", "langile klaseak erreforma eta negoziazio bidez "posizioak irabaztea"; batez ere, "krisi kapitalistak bere horretan jarraitzeko ezaugarriak erakusten dituelako" eta "orotariko alderdiek Europar Batasunaren austeritate agenda apurtzeko borondate eta gaitasun eza adierazten dutelako".

Langile klasearen "gaitasun ekonomikoa" ez ezik, "antolakuntzarako gaitasuna" jo du "ezegonkortzat" M1 Langileontzat-ek, "klase batasuna eta indarra ahul" daudela iritzita. Nabarmendu du, gainera, langileak "botere politikoa eskuratzeko antolatu" ordez, "paktu politiko sozial baten paradigman lerratzeko saiakerak", "krisi egoera" batera gidatzen duela langile klasea bera.

Batasuna eta antolakuntza

Hala, "aldarrikatzen diren erreformek lotura zuzena" izan behar dute "horiek lortzera begirako antolakuntzarekin eta estrategiarekin", plataformako kideen esanetan. Langileen bizi baldintzak hobetzeko borrokak, "klase batasunean eta langile antolakuntza indartsuan" oinarritzen ez badira, "ziurgabe" ageri direla diote. "Borroka horiek, estrategia sozialista integral batean txertatzearen beharra azpimarratu nahi dugu, eta horiek egikaritzeko Euskal Estatu Sozialistaren eraikuntza aldarrikatzen dugu", gehitu dute.

Hainbat eragile nazionalek ere babesa adierazi diote M1 Langileontzat plataformaren deialdiari; hala nola, Gazte Koordinadora Sozialistak, Itaiak edota Ikasle Abertzaleakek.