ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/07/15 06:56

Festagiroko kolektiboek duela urtebete jakinarazi zuten arriskuan zeudela Lizarrako (Nafarroa) txosnak. Izan ere, ia hiru hamarkada dira txosnagunea autobus-geltokiko parkingean jartzen hasi zela, baina UPNren udalak iaz debekatu zuen txosnak bertan jartzea, gunea San Benitora urrutiratzeko. Antolatzaileek salatu zuten horrekin txosnak "dinamika sozialetik urrundu eta isolatu" nahi zituela udal-gobernuak.

Bada, badirudi txosnen aurkako debekuari eusten diola UPNk. Festagirok joan den asteburuan argitaratu zuen ohar bat, eta azaldu zuen udal-gobernuak urte osoa eman duela beste aldera begiratzen: "Gaiari irtenbidea emateko urte oso bat egon da, baina, azken momentura arte, UPNk airean mantendu du txosnak egoteko baimena eman ala ez". Eta, gaur-gaurkoz, ez dago argi zer gertatuko den.

Alternatiba egokirik ez udalaren partetik

Txosnagunearen antolatzaileek iaz zioten modura, euren lehentasuna da txosnak betiko lekuan mantentzea, autobus-geltokiko aparkalekuan. Hala ere, "lekuz aldatzeko prest" daudela diote, baldin eta alternatibaren batek txosnentzako "baldintza egoki" batzuk bermatzen baditu. Baina ez da kasua, udalak proposatutako aukerei dagokienez: "Udalari alternatiba bat proposatu diogu, baina ezezkoa jaso dugu, eta udalaren alternatibek ez dute baldintza egokirik bermatzen".

Hain zuzen ere, udalaren alternatibek "herritik isolatzen" dituzte txosnak, antolatzaileen esanetan; edo "espazio fisiko txikiak" dira. Eta, bestela, urratu egiten dute Festagirok "Alde Zaharreko bizilagunekin txosnagunea soilik urtean behin jartzeko hartuta dugun konpromezua".

"Herritarren gehiengoak txosnak nahi ditu"

Festagirok nabarmendu du borrokak merezi duela, udalak bere jarrera autoritarioa mantendu arren: "Herrian sortu den txosnen aldeko borrokaren eta ezinegon sozialaren eraginez, instituzioetan posizio aldaketak ikusi ditugu, baina ez dira nahikoa izan txosnak lortzeko. Dena den, jarraitu beharreko bidea erakusten digu". Horren guztiaren erakusle da iazko uztailaren 20an Lizarran izan zen manifestazio jendetsua, txosnen alde eta "udalaren hipokrisiaren" aurka.

Kolektiboek gogorarazi dute "herritarren gehiengoak txosnak nahi" dituela, eta ez dela "zilegia" talde politiko batek "hori ukatzea", "nahiz eta udalaren kontrola berak izan". Eta gaineratu dute: "Ez dugu amore emango. Txosnak bereskuratzea posible dela uste dugu, eta horren aldeko borrokan jarraituko dugu".

Bajadikako 27ak, Raimundo el Canastero eta Oier

Festagirok seinalatu du, gainera, "txosnen aldeko protestak ere isilarazi nahi" dituela UPNren udal-gobernuak, eta hiru prozesu judizial ireki dituztela jada horri lotuta: Bajadikako 27en aurkako auzia, Raimundo el Canastero musika-taldearen kontrakoa, eta Oierren aurkakoa

"Baina gu ez gara geldirik geratuko. Txosnak kalean borrokatuz lortu ziren duela hiru hamarkada, eta modu berean berreskuratuko dira", aldarrikatu du. "Errepresio guztia eten" dadila exijitu du, eta "edozein gobernuren aurrean txosnak defendatzera" deitu.

NO HAY COMENTARIOS