Lizarran (Nafarroa), aurreko urteko Puyko Bajadika ezagunaren harira, 27 pertsona jarri dituzte jopuntuan epaitegian. Maiatzaren 22tik 23ra bitartean deklaratu beharko dute guztiek, izan ere, prozesu judizial bat dago zabalik iazko festetako Bajadikan egindako zenbait aldarrikapen politiko direla-eta. Zehazki, udalak txosnei ezarritako debekua eta udal-gobernuaren jarrera autoritarioa salatzeagatik daude ikerketapean Bajadikako 27ak. Izen horrekin sortu dute plataforma bat, hain zuzen ere.
Atzo egindako agerraldian gogora ekarri zutenez, iaz "txosnen bideragarritasuna arriskuan jartzen zuen" erabaki bat hartu zuen UPN buru duen udalak, txosnen jaigunea tokialdatuz. Horretaz gain, La Bota peñak bere txosna jartzea debekatu eta Raimundo el Canastero musika-taldea salatu zuen, Beef D'Alda protesta-abestia egiteagatik. "Testuinguru horretan, 2.000 pertsona baino gehiago mobilizatu ziren txosnen alde, eta, ondoren, historikoki gertatu den bezala, ehunka herritar joan ziren Bajadikara haien aldarrikapenak egitera", azaldu dutenez.
Ekimen hura, baina, bertan behera geratu zen azkenean, "erabaki instituzional baten ondorioz". Udalaren debekuen eta erabaki autoritarioen aurka protesta egiteko asmoz bertaratu ziren hainbat pertsona Bajadikara, eta dantzariek eta musikariek ibilbidean aurrera egin zuten arren, udalbatzako hainbat politikarik hala ez egitea erabaki zuten. Horiek horrela, bertan behera geratu zen.
"Hilabete batzuk geroago, Raimundo el Canasteroren aurkako prozesuarekin batera, 27 pertsona deitu gintuzten Udaltzaingoaren aurrean deklaratzera", oroitarazi dute. Orain epaitegiak deitu ditu deklaratzera, desordena publikoen delitu bat leporatuta baitaude ikerketapean.
Protesta egiteko eskubidearen defentsan
Agerraldian, beraz, "prozesuaren burokraziaren atzean ezkutatzen den indarkeria" salatu zuten ikertuak izaten ari diren pertsonek; "kartzela-zigor posibleak, zigor ekonomikoak, prozesu judizialaren ondoriozko kostuak, kriminalizazioa, presio psikologikoa eta abar", hain justu. Horri lotuta, "protestarako eta mobilizaziorako eskubide politikoa" aldarrikatu zuten, ohartaraziz instituzioak "gero eta gehiago mugatzen" ari direla hori, eta babes osoa eman zieten "jai-gune autogestionatuei".
Bestalde, erakundeek Bajadikako 27en aurkako prozesuan eta bestelako auzibideetan duten ardura nabarmendu zuten, UPN eta PSN alderdiek "egoera hau sustatu" dutela azpimarratuz. Horretaz gain, beste hainbat erantzule ere izan zituzten gogoan: "27 pertsona zehatz ikertzeko eta seinalatzeko" asmoz "lankidetzan" aritu ziren Lizarrako Udalzaingoa, Foruzaingoa eta Guardia Zibila; "kanpaina kriminalizatzailea" egin zuten komunikabideak, hala nola, Diario de Navarra eta OKDiario; eta "errepresio mota hau ahalbidetzen duen legedia".
Protesta maiatzaren 16an
Zabalik den prozesu judizialaren aurka, eta aipatutako aldarriak oinarritzat hartuta, mobilizazio-deialdi bat egin du Bajadikako 27en plataformak. Maiatzaren 16an, ostiralez, elkarretaratze bat egingo dute Lizarrako udaletxe aurrean, arratsaldeko 20:00etan. Prozesua "bertan behera utzi" dezatela exijitu dute, eta "pertsona bakar batek ere ez dezala inolako ondorio ekonomikorik edo penalik jasan, Lizarrako Udaleko gobernu-taldearen erabaki autoritarioen aurka protesta egiteagatik".