Ibaetako campuseko (Donostia, Gipuzkoa) hainbat ikasle HEFA eta Psikologia Fakultatearen artean dagoen Zorroaga aretora sartu dira astelehen honetan. "Lan
politikoa egiteko azpiegitura beharrak eta dekanotzaren jarrera
pasiboak mahaian kolpe bat jotzera" eraman dituela ziurtatu dute
Unibertsitateko Indar Batasunako (UIB) kideek. Horrekin batera, negoziaketa prozesua berrartzeko eta unibertsitateko langileriarentzat "politika
egiteko bermeak" ziurtatuko dituen espazioari eusteko borondatea azaldu dute.
Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV-EHU) joan den udan lapurtu zion ikasle mugimenduari campuseko jardun politikoa garatzeko baliatzen zuen espazioa. UIBren esanetan, "birusaren aitzakiapean" egin zuen hori unibertsitateak. Gainera, negoziatzeko saiakera guztietan "argudio bera" baliatzea leporatu dio dekanotzari.
EKIN ANTOLAKUNTZARI
Urtarrilaren 27an UIBk
askatasun politikoen aldeko kanpaina abiatu zuen Ibaetako
campusean, Askatasun politikoen alde, ekin antolakuntzari!
leloarekin.
Bertan, "COVID-19aren
aitzakiapean martxan jarri den ofentsiba burgesak unibertsitateko
langile klaseko sektoreen baldintza materialen kaltetzea" ekarri
duela nabarmendu zuen. Salatu zuen "askatasun politikoen
urraketa" ere gauzatu dela horren ondorioz.
UIBko kideek horren guztiaren adibide modura aipatu zituzten ikasle gelak itxi izana nahiz campusetako garbitzaileei greba eskubidea ukatu izana Gauzak horrela, "antolakuntzarako ezinbestekoak diren azpiegitura eta bermeen gaineko kontrola" eta "unibertsitateko langile sektoreen baldintza materialen defentsa" aldarrikatu izan ditu UIBk. Otsailaren 17an, adibidez, elkarretaratzea egin zuten Ibaetan, Unibertsitateko langile klasearen askatasun politikoen alde lemapean.
ELKARTASUN KEINUAK
Ibaetako UIBk Leioako (Bizkaia) eta Gasteizko (Araba) campusetako kideen babesa jaso du astearte honetan. Hainbat ikaslek elkarretaratzeak egin dituzte EHUren bi campus horietan; errektoretza aurrean izan da Leioakoa, eta Letren Fakultatearen atzean Gasteizkoa.