ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/05/05 19:32

Unibertsitateko Indar Batasunak lanean dihardu salbuespen egoeraren aurrean emandako erantzun antolatuarekin. Langile klasea ezohiko egoeraren erdian pairatzen ari den "ondorio gordinak" salatu ostean, testuinguruaren analisia nahiz horri egokitutako lan ildo zehatzak aurkeztu ditu UIBk. Lanketa horretan, erdigunean jarri dituzte ikasleak bizitzen ari diren zailtasun akademikoak eta kostu ekonomikoak.

Sortu zen unean, unibertsitateko langile sektoreen "baldintza materialak hobetzeko antolatzea" ezarri zuen xedetzat UIBk. Horri lotuta, COVID-19ak sortutako egoerak garbitzaileek, ikasleek, irakasleek zein beste sektore askok "klase interesak partekatzen dituztela are argiago ikusten dela" dio. Intereson defentsan, dagoeneko martxan dauden eta lehen emaitzak erakusten ari diren lan lerroak diseinatu zituen.

IKASLE BABES SAREA

Ikasteko baliabideak bermatzea helburu, UIBk bi tresna jarri zituen ikasleria langilearen mesedera, Ikasle Babes Sarearen bidez: ikasketa laguntza eta apunteen bankua. Batetik, pixkanaka betetzen ari da apunteen bankua, "materia ugaritako apunteen bilketa eta kolektibizazioa" gauzatzea helburu duena. Bestetik, ikasketa akademikoetan laguntza behar duten ikasleentzat sortutako mekanismoa martxan da jada, zeinaren bidez unibertsitateko hainbat ikasleek laguntza eskaintzen dieten gainontzeko ikasleei, irakasgai ugaritan. Ikasle Babes Sarea zabaldu ahala, UIBko militanteak ez diren ikasle ugarik ekin diote parte hartzeari.

Laguntza sare hori bigarren hezkuntzako ikasleei bideratuta dago bereziki, izan DBHko zein batxilergoko ikasleei (azken horien artean, bigarren mailakoek egin beharreko selektibitate frogak bere horretan jarraituko du). Konfinamenduak, dena den, "beste sektore asko ere baliabiderik gabe utzi ditu", eta horren adierazle da lanbide heziketako zenbait ikastetxetatik ere laguntza eskaerak igorri izana. Horretaz gain, Caritas edo DYA bezalako taldeekin jarri dira harremanetan, langile-geruza zaurgarrienetako ikasleek ikasketetarako laguntza dutela bermatzeko.

UNIBERTSITATEKO LAN LERROA

Ikasleen baldintzak hobetzera bideratutako borrokei dagokienez, fakultate zein departamentu mailako borroka-unitateak osatu ditu UIBk, eta tokian tokiko dinamika lokalak aurrera eramateko. EHUk ebaluazio irizpideak fakultateka deszentralizatu dituen heinean, ikasleen babesgabetasun egoerak "forma ezberdinak hartzen dituela" jakinarazi dute UIBko kideek. Horrenbestez, gutunak helarazi dizkiete fakultate zein departamentu maila bakoitzeko dekanotzei.

Gutun horietan, fakultate bakoitzeko egoera zehatzaren irakurketa aurkeztu dute, baita horren aurrean ikasleek "ikasketa prozesua aurrera eramateko dituzten zailtasunak" azaldu ere. Eskakizun zehatzak egin dizkiete dekanotzei, fakultate bakoitzean. Horretaz gain, bi eskaera orokor mahaigaineratu dituzte guztiek:

  1. Departamentuetako sailei "gainditzeko behar diren ehunekoak jaistea" eskatu diete, online prestakuntzak izan ditzakeen ondorio negatiboak arintze aldera.
  2. Ikasleen batez bestekotik, goranzko emaitzek soilik eragitea notari. UIBk azaldu duenez, eskaera horiek, Canterburyko (EB) Kent unibertsitateak ebaluazioari begira hartu dituen neurriak dituzte oinarri. Andaluziako zenbait unibertsitatetan ere aldaketa horiek proposatu dira.

INKESTAK

Galdetegiak eta ikasleen testigantzak borroka horiek egikaritzeko mekanismo bat direla diote UIBko kideek. Inkesten bidez jasotako zenbait erantzun plazaratu dituzte; hala nola, NUPen (Iruñea, Nafarroa), Sarrikon (Bilbo, Bizkaia) eta Ibaetan (Donostia, Gipuzkoa).

Inkesta horiek funtzionalitate bikoitza izango lukete: alde batetik, campus edo fakultate bakoitzeko "ikasleriarekin harremana garatzea" eta "haren baldintza zehatzak nahiz behar komunak idenfikatzeko ahalmena garatzea", eta bestetik, agerian uztea "unibertsitateak bere baitan dituen kontraesanak" eta ikasleen interesen gainetik "beste lehentasun batzuk ezartzen dituela".