Atzo, azaroak 20, bideo-orri politikoaren berri eman zuen
Unibertsitateko Indar Batasunak, sare
sozialen bitartez. Hala, UIBk bost puntu jaso ditu bere borrokan,
aurrerantzean garatu beharreko jarduna marrazteko: ikas baldintzak, lan
baldintzak, askatasun politikoak, bitarteko materialen gaineko
kontrola, eta erasorik gabeko unibertsitatea. Ikasleen ebaluazio
sistematik hasi,
eta
unibertsitateetako garbitzaileen lan baldintzak jorratzerainoko
norabidea zedarritzea du helburu UIBk, Indarrak batuz gaitasunak biderkatu lemapean.
EHUko fakultateetako asanbladetan landu dute programa politikoa, eta azaldu dutenez, kolektiboaren helburua eta izaera definitzen ahalegindu dira. Hemendik aurrera, beraz, UIBko kideek bide-orri hori oinarri hartuta jarriko dituzte martxan borrokak, campusetan.
UIB, pasa den ikasturtean sortua
Iaz, prentsaurreko bidez eman zuten UIBren sorreraren berri, Leioako (Bizkaia) campusean. Hasieratik bertatik, unibertsitateetako langile sektore ezberdinen borrokei heltzeko filosofiarekin aritu da UIB, elkartasuna oinarri hartuta; hala nola, ikasleen, irakasleen, ikerlarien, edota administrazioko langileen problematikak jarri dituzte jopuntuan.
Martxotik maiatzera bitartean, ikasleen ebaluazio arautegiko 12.2 artikulua aldatzeko borrokan murgildu zen UIB, aldatzea lortu zuen arte. Programa politiko berriarekin, esku artean dituzte borroka berriak abiatzeko oinarriak.
UIBren programa politikoa osorik irakurtzeko, egin klik hemen