ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: @BilbokoS
2019/09/19 08:24

Langile Autodefentsa Sarea sortu berri dute Bilbon (Bizkaia). "Borroka elkartasunean antolatzeko tresna kolektibo" modura aurkeztu dute sare berria; "batuz, babes sareak sortuz, kapitalaren erasoetatik defendatuko gaituzten garaipenak lortzeko antolatzea" ipar.

Hala, azaldu dute "langileriaren interesetan aurrera egitea" dutela helburu, "haren autonomiatik abiatuta eta antolakuntzaren bitartez klase kontzientzia handitzeko". "Borroka bera posible egiteko eta hura protagonista izango duen iruditegia osatzeko" lanetan ere murgilduko dira autodefentsa sareko kideak.

"Sistema kapitalista dago krisi egoeran"

"Badakigu ez ditugula joan eta etorri egiten diren krisialdiak bizi, baizik eta sistema kapitalista dagoela etengabeko krisi egoeran; eta langile klaseak pairatzen dituela krisialdi horiek gainditzeko burgesiak gidaturiko berregituraketak". Autodefentsa sareko kideek testuinguru horretan kokatu dute haren jaiotza: "Bilbok ere bizi izan du hiri industrialen berregituraketa, eta kontsumorako gune bilakatu da bereziki, turismo sektorearen eta aisialdiaren arropak jantzita", azaldu dute.

Berregituraketa horrek "langileriaren bizi-baldintzen prekarizazio osoan" eragin duela diote; hala nola, "etxebizitza lortzeko zailtasuna, lan baldintzak kaskartzea, elkartasun eta sustengu sareen suntsiketa, baita indibidualismo eta kontrol sozial handiagoa ere". "Nabarmen ageri da gu desjabetuta esplotazioa handitzeko burgesiaren estrategia, haren agente eta instituzioen bidez: bankuak, ostalaritzako patronala, higiezinen enpresak, edota nagusia", gehitu dute.

Ondorioz, "lantoki dispertsatuetan isolatuta bizi garela" nabarmendu dute, "bizi baldintza txiroekin; eta gainera, iritzi dute "gero eta zailagoa zaigula gure defentsa antolatzea". "Sarri sentitzen dugu sistema honen aurka egiteko ezintasuna", diote. Hori guztia iraultzeko asmoz jaio da Bilboko Langile Autodefentsa Sarea.

Lubaki Langile Elkartasun Sarearen aurkezpena, iragan astean

Joan den astean Bergaran (Gipuzkoa) aurkeztu zuten Lubaki Langile Elkartasun Sarea. "Klase batasuna oinarri", krisi testuinguruak sortutako "desoreka eta segurtasun ezaren aurrean, elkar babestea" izango du ardatz Lubakik. Hala, "saretzearen beharra" azpimarratu zuten.