Euskal Herriko Ikerlarien Asanbladak salatu duenez, iazko martxoaren 15ean onartu zen Ikerlarien Estatutua. Dena den, Euskal Herriko Unibertsitateak oraindik ez ditu bete estatutuak jasotzen dituen baldintzak, eta ikerlariei dirua zor die martxotik. Hala, borrokaldi berria hasi du Ikerlarien Asanbladak, eta bertako kideek azaldu dutenez, "soldata igoera" ez da haien aldarrikapen bakarra: "Kontratua amaitzean kalte-ordainak ordaintzea eta ikerlarien irakaskuntza babestea ere nahi dugu". Horretaz gain, salatu dute estatu mailako hainbat deialdi (FPU, FPI, eta abar) ez dituela bere gain hartu nahi EHUk, bere "eskumenekoak" ez direlakoan; "baina gu guztion kontratatzailea da EHU", diote ikerlariek.
Helduleku horiek guztiak esku artean, bihar, urtarrilak 22, mobilizazioa egingo dute Leioako (Bizkaia) campusean. 11:30erako jarri dute hitzordua, Mikel Laboa plazan. Egoera aldatu ezean, aste honetan mobilizazioei ekin eta borrokarekin aurrera egingo dute ikerlariek. Gogoan izan dute "mugimendua ikerlarien eskubideak eta ikerketa duina babesteko sortu zela": "Ez gara martxora arte geldirik egongo".