Gasteizko (Araba) Kontseilu Sozialistak eta Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareak agerraldia egin zuten atzo, asteartean, Gasteizko Zentro Sozialistaren desalojoak data berria duela jakinarazteko. Hain zuzen, urtarrilaren 13an hustuko du espazioa Laboral Kutxak.
Kontseilu Sozialistak eta Errakik nabarmendu zuten Laboral Kutxak negoziatzeari uko egin diola: "Abuztu amaieratik hona Laboral Kutxak gurekin negoziatzeari uko egin eta desalojoarekin jarraitzeko hautua hartu du. Desalojoa, azkenean, urtarrilaren 13an izango da, 13:15ean". Era berean, zentroaren birjabetzearen arrazoiak azaldu zituzten atzoko agerraldian: "Gasteizko Zentro Sozialista proletalgoaren antolakuntza independentea bultzatzeko ireki genuen. Zehatzago esateko, enpresariekiko eta beraien instituzio burgesekiko era independentean antolaturiko espazio politiko, sozial zein kulturala izateko helburuarekin".
Halaber, gaur egungo testuinguaren irakurketa egin, eta "espazioen gaineko langile kontrolak duen garrantzia" azpimarratu zuten Errakik eta Kontseilu Sozialistak. Haien hitzetan, "bizitzen ari garen krisi kapitalistari ematen ari zaion aterabidea" langile klasearen aurkako "ofentsiba sozial eta politikoan" ezaugarritzen da: "Sozialki bizi-baldintzak murrizten diren bitartean (soldaten jaitsiera, langabezia kronikoa…) eskubide politikoak ere gutxitzen ari direla ikusten dugu, pandemiaren aitzakiarekin hainbat eskubide murriztuta edo zuzenean debekatuta, zein espazio okupatuen aurkako ofentsiba aurrera eramanda, espazioen gaineko kontrol proletarioa ezinezko bilakatu nahian".
Zentro Sozialisten garrantziaz
Egoera horren aurrean, Zentro Sozialistek duten garrantzia azpimarratu zuten Kontseilu Sozialistak eta Errakik, eta azken hilabeteetan egin duten ekarpena mahaigaineratu zuten agerraldian. Orain arte Gasteizko Zentro Sozialistan egindako ekintzak gogora ekarri, eta guneak antolakuntza sozialistan sakontzeko "ezinbestekoak" direla adierazi zuten. "Ofentsiba horren guztiaren aurka agertzen den alternatiba politiko sozialista bideragarri egiteko baldintzetako bat bihurtzen ari dira Zentro Sozialistak. Gasteizko kasuan, Mugimendu Sozialistaren jarduna aurrera eramateko funtsezko espazio bilakatu da. Izan ere, martxan jarri genuenetik denbora gutxi igaro den arren, askotarikoak izan dira bertan egindako jarduerak: formakuntzak, kultur ekimenak edota bertan garatu den Janari Biltegia", adierazi zuten.
"Laboral Kutxa proiektu horren aurka dagoen banku bat da, irudi progresistaz mozorroturiko milioidun enpresa. Proiektu sozialen eta guztion ongizatearen alde egiten duelako itxurakeriaren gainetik bere helburua zein den argi geratzen da: bere etekin ekonomikoei soilik men egitea, proiektu sozialak hustuz", gaineratu zuten.
Desalojoa salatzearekin batera, "politika era independentean eta helburu iraultzaileekin egiteko espazioen gaineko kontrol proletarioan sakontzeko beharra" aldarrikatu zuten Errakik eta Kontseilu Sozialistak, "gure indar eta elkartasun antolatuaren bitartez soilik izan ditzakegulako borrokarako nahitaezkoak diren espazio propioak". Horrenbestez, "gaur egungo egoera iraultzeko" Gasteizko Zentro Sozialistaren beharra ere "agerikoa" dela iritzita, behar hori asetu arte borrokan jarraituko dutela berretsi zuten.
Gasteizko Kontseilu Sozialistak maiatzaren 29an aurkeztu zuen Arabako hiriburuko Zentro Sozialista.