ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/10/15 17:49

Euskal Herrian ere, Palestinaren aldeko aldarriz bete dituzte kaleak gaurko mobilizazio-egunean. Goizean, jendetza irten da karriketara, besteak beste milaka ikasle; eta arratsaldean ere jarraitu dute protestek. Palestinarekin Elkartasuna plataformak, esaterako, manifestazio propioak egin ditu Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, "palestinar erresistentzia babestu eta sionismoa suntsitu behar dela aldarrikatzeko".

17:30ean hasi da Gasteizko mobilizazioa katedral berritik. Tranbia geratu eta Lovaina plaza hartu dute manifestariek, palestinar erresistentziaren aldeko oihu artean. Donostian eta Iruñean, berriz, 18:00etan ekin diete protestei, Pio XII plazan eta PSNren egoitza aurrean, hurrenez hurren. Iruñean, PSNren egoitza pareko elkarretaratzea amaitzean, Corte Ingles ingurura mugitu da jendea, eta haien aurka kargatu du Espainiako Poliziak. Hala ere, inguruko zenbait errepide moztu dituzte hainbat pertsonak, ibilgailuak geldituz. Donostian, Jose Antonio Agirre zubia moztu dute manifestariek, eta blokeatzearen ondoren, hiru pertsona jarraitu eta atxikirik izan ditu Ertzaintzak.

Bilbon, 18:30ean abiatu da manifestazioa Eliptikatik, eta Jesusen Bihotzeko biribilgunea eten dute. Tranbia, autobusak eta kotxeak blokeatu dituzte, Israel desegin, harremanak eten zioen pankarta bat eta Palestinako banderak hartuta.

Kolonizazioaren kontrako borroka ez da bukatu

Palestinarekin Elkartasunak azaldu duenez, gaurko mobilizazio-egunean ere "palestinarren aldarri historikoei" heldu nahi izan die, eta horiek xehatu ditu idatzi batean. Hona hemen.

Lehenik eta behin: "Genozidioa gelditzeko eta Palestinaren askatasuna erdiesteko, lurralde osoaren deskolonizazioa, preso palestinarren askapena eta errefuxiatuen itzulera bermatu behar dira. Ez dago Israelgo entitate kolonialarekin elkarbizitza posiblerik". Bigarrenik: "Palestinarrek kolonialismoaren kontra erresistitzeko eskubidea dute, eta beraz, palestinar erresistentzia babestu behar dugu. Palestinaren inguruko erabakiak palestinar herriari eta bere erresistentziari dagozkie, ez estatu sionistari eta Mendebaldeko gobernu inperialistei". Hirugarrenik: "Euskal Herrian gure ekarpen nagusia Israelen eta bere konplizeen kontrako presioa egitea da, sionismoarekin harreman ekonomiko, militar, diplomatiko eta kultural guztiak behingoz eteteko". Eta azkenik: "Greba orokorraren helburu nagusia Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari, Espainiako zein Frantziako gobernuei eta CAF bezalako enpresa konplizeei presioa egitea da, Israelekin harreman oro eteteko".

Greba orokorra nazioartean antolatzeko beharra, eta kritika Euskal Herriko sindikatuei

Plataformaren esanetan, "azken asteetan Israelen aurkako presioa gorakorra izan da Euskal Herrian eta nazioartean", eta Palestinaren aldeko mugimenduak "aurrerapauso nabarmenak" eman ditu. Iritzi dio, hala, "greba orokorra ahalik eta herrialde gehienetan antolatzea" dela hurrengo urratsa. Horregatik kritikatu du Euskal Herriko sindikatuek gaurko egunari dagokionez hartutako jarrera: "Euskal sindikatu gehienek, Palestinaren aldeko mugimenduak Euskal Herrian greba orokorra antolatzeko egindako deiari erantzun beharrean, CCOOk eta UGTk deitutako estatu mailako lanuzte partzialera batzeko deia egin dute, Ipar Euskal Herrian deialdirik egin gabe".

Palestinarekin Elkartasunak uste du, gaurkoa "Espainiako Gobernuari lotutako sindikatuen deialdia izanik", lanuzteak ez duela "Israelekin harreman oro eteteko presioa egiten". "Genozidioa gelditzeko eskaera airera jaurtitzen du, estatu genozidaren aurka eskura dauzkagun tresnak erabiltzeari uko eginez. Zer da, bada, soldatapeko langileek genozidioa gelditzeko egin dezakeguna, ez bada ekoizpena gelditzea eta hirien zein herrien normaltasunarekin haustea; Israelekin negozioa egiten duten enpresak seinalatzea, eta Israelekin harremanak dituzten erakundeak seinalatzea?", gaineratu du.

Trumpen planaren iruzurra

"Lanuztea deitu zenetik hona, su-etenerako akordioa sinatu dute estatu sionistak eta palestinar erresistentziak. Israelek akordioa betetzen badu, palestinar herriak arnas pixka bat hartu ahalko du azken bi urte hauetako ofentsiba kriminalaren ondoren", ekarri du gogora plataformak. Ohartarazi du, hala ere, Donald Trumpek eta Benjamin Netanyahuk bultzatutako planak "ez diola askatasunerako biderik eskaintzen Palestinari, eta ez dela genozidioa geldituko". 

Horrekin batera, nabarmendu du su-etenerako ituna sinatu izanak ezin duela eragin "guk Israelen eta Mendebaldeko bere konplizeen kontrako presioa baretzea, ezta erresistentziari edo palestinarren aldarrikapen historikoei zilegitasuna kentzea ere". "Israeli zilegitasuna kentzea eta Mendebaldeko estatuen interesen kontra egitea da gure ekarpenik onena palestinarrek indar-harreman hobea izan dezaten, erabakiak hartu ahal izateko", seinalatu du.

NO HAY COMENTARIOS