ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/03/13 10:25

Argentinako Kongresu aurrean, Buenos Airesen, asteazkenero egiten dute protesta jubilatuek, pentsioak hobetzearen alde. Atzo, baina, modu bortitzean ito zuen mobilizazioa Javier Milei buru duen Argentinako Gobernuak. Hedabide askok seinalatu dute bere agintaldian izandako eraso errepresiborik gogorrena izan dela, orain arte. Poliziak gogor kargatu zuen manifestarien kontra: azken datuen arabera, 125 bat atxilotu eta 45 bat zauritu egongo lirateke. Haietako bat da Pablo Grillo kazetaria, gertatutakoaren berri emateko lanetan ari zela, bere aurka tiro egin eta burua ireki baitiote polizia-indarrek. Oso larri dago.

Pentsioen defentsan egindako mobilizazioarekin bat egin zuten atzo hainbat mugimendu sozial eta politikok eta zenbait sindikatuk, baita 20 futbol-talde ingurutako zaleek ere: besteak beste, manifestariak babesteko asmoz batu ziren protestara. Kongresu aurrean elkarretaratu ostean, Etxe Arrosa deiturikora hurbildu zen jendea, eta bertan polizia eta errepresio gehiago topatu zuten. Sare sozialetan izugarri zabaldu den bideo batean ikus daiteke agente batek nola jo zuen borrarekin adineko emakume bat.

Argentinako Segurtasun Ministerioak, Patricia Bullrichek gidatuta, polizia-operazio zabala antolatu zuen atzorako: ezkutuak, ura jaurtitzeko kamioiak eta motozikletak atera zituen Poliziak. Bullrichek, hain zuzen ere, aldez aurretik ohartarazi zuen "futbol-jarraitzaileen aurkako" neurri bereziei buruz. Poliziak gas negar-eragileak eta gomazko balak erabili zituen mobilizazioan parte hartzen ari zirenen aurka, eta izua eragiteko modukoak dira polizien kamioi batetik entzun ziren mehatxuzko hitzak: "Etorri, ezkertiar horiek" ("Venid, zurdos"). Manifestari batzuek harriak botata babestu zuten euren burua, eta patruila-ontzi bat eta hainbat zaborrontzi erre zituzten, tokiko prentsak zabaldu duenez.

Hedatu egin da pentsioen defentsan egindako mobilizazioak duen oinarri soziala, pobretzeak jubilatuen artean sortutako atsekabea izan duena abiapuntutzat. Mileiren gobernuaren murrizketa-politikek areagotu egin dute pobretze-prozesu hori, gainera. Adinekoen Defentsa Erakundearen (Defensoría de la Tercera Edad) arabera, erretiroa hartu duen pertsona batek gutxienez 1.200.523 peso (1.126 dolar, gutxi gorabehera) behar ditu bere oinarrizko gastuak ordaintzeko. Martxoan, baina, 420.000 pesokoa (394 dolar) izan zen gutxieneko pentsioa, 70.000 pesoko bonu bakar bat barne, Noticias Argentinas agentziaren esanetan.

NO HAY COMENTARIOS