Oñatiko (Gipuzkoa) Antixenako Gaztetxearen aurkako jazarpen poliziala salatu dute bertako kideek sare sozialen bidez. Aditzera eman dutenez, "izugarria" izan da polizia-indarrek espazioaren eta bertako jardueraren aurka egindako esku-hartzea, "identifikazioak" nahiz "isun mehatxuak" tarteko. Hori gutxi balitz, gaztetxera sartzea ere galarazi dietela ohartarazi dute. Gauzak horrela, "orain arte antolatuta zegoena birpentsatu" egin beharko dute gaztetxeko kideek.
Erasoak eraso, "mugitzen" jarraituko dute egoerari erantzuteko. Ostiral honetan, apirilaren 2an, "asanblada ikusgai eta irekia" deitu dute udaletxeko arkupean, 17:00etan. "Herriak ikus dezala asanbladak kalean egitera behartu gaituztela", adierazi dute.