ACTUALIDAD / Represión
Iruñean gazte bat jipoitu zuten hiru militarrak, epaiketaren esperoan
2023ko irailean izan zen erasoa, eta militarrek haustura ugari eragin zizkioten biktimari; ebakuntza egin behar izan zioten. Altsasuko auziarekin alderatuta, adibidez, irizpide-desoreka agerian utzi zuen kasuak.
2026eko ekainaren 23 - 10:57
Iruñean gazte bat jipoitu zuten hiru militarrak, epaiketaren esperoan
— ARGAZKIA Ahotsa

Iruñeko Alde Zaharrean dagoen Zentral diskotekatik hurbil gazte batek jasandako eraso bortitzaren ondorioz, prozesu judizial bat dago zabalik, eta aurrera doa ahozko epaiketarako bidea. Hiru eta sei urte arteko espetxe-zigorrak eskatzen dituzte lau gizonentzat (tartean Nafarroan jarduten zuten Espainiako Armadako hiru militar), 2023ko irailaren 23an, pertsona bat bortizki jipoitu izanagatik. Oso lesio larriak eragin zizkioten.

Foruzaingoaren eginbideetan oinarritutako txostenetan jasotzen denez, erasotua urgentziaz ospitaleratu behar izan zuten, haustura ugari jasan zituelako erasoan. Ebakuntza kirurgiko bat egin behar izan zioten, egonkortu ahal izateko. Jipoia bereziki bortitza izan zen arren ("lesio larriei" lotutako delitu posible gisa tipifikatu zuten hasieran), poliziakideek ez zituzten berehala atxilotu inplikatutako pertsonak. Erasotzaileek 28 eta 32 urte arteko adina zuten garaian, eta beren borondatez joan ziren komisariara, jipoia eman eta ia hilabetera, formalki deituak izan ondoren. Deklaratu ostean, ikertutako lau pertsonak aske utzi zituzten behin-behinean, instrukzio judiziala amaitzeko esperoan.

Erasoa isilpean gorde zuten komisariako deklarazioak izan arte, eta dimentsio publiko handia hartu zuen, sare sozialetako hainbat plataformatan gertaeren bideo bat zabaldu eta gero. Horrek haserrea eragin zuen. Orain, auziak berriro ireki du eztabaida, "borrokekin" lotutako beste prozesu judizial batzuekin alderatzen baitute kasua. Esarerako, bere garaian Altsasuko gazteei ezarritako zigor gogorrak ekarri dituzte gogora; izan ere, "terrorismoagatik" kondenatutako altsasuarren aurkako zigorrak nabarmen handiagoak ziren, orain inplikatuta dauden militarrek dituzten eskaera fiskalekin konparatuta. Momentuz, kasuaren ardura duen auzitegiak ez du epaiketa hasteko behin betiko datarik ezarri.