ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Ahotsa
2020/02/24 13:24

Ostiral gauean, hilak 22, Iruñeko (Nafarroa) Alde Zaharreko kaleetan sartu zen Espainiako Polizia, inauterien ospakizun bete-betean. Jai giroa gogaikarria zitzaiola argudiatuta hots egin zion Poliziari "jabe batek", Alde Zaharreko Gazte Mugimenduak jakinarazi duenez.

Arratsaldeko kalejiraren erdian agertu zen auzoan Espainiako Polizia. Hainbat gazte haurrekin ari ziren jolasean moxaurrez jantzita, eta haiei eraso egin zieten poliziek. Tartean, 14 urteko gazte bat furgonetarekin harrapatu zuten San Frantzisko kalean. Ospitalera eraman beharrean, gainera, atxilotu eta komisaldegira mugitu zuten. Beranduago eraman zuten ospitalera, eta oraindik han jarraitzen du gazteak.

Eraso gehiago

Bestalde, moxaurrez mozorrotuta zegoen gazte talde baten aurka ere oldartu zen Polizia. Adin txikikoak ziren haiek ere, 14-15 urtekoak. Alde Zaharreko Gazte Mugimenduaren arabera, denda batera babes bila sartu zirenean egin zieten eraso gazteei poliziek, eta Ahora somos nosotros los que vamos a pegaros zein antzeko esaldiak atera ziren agenteen ahoetatik.

Gertatutakoa ikustean protesta egitera hurbildu ziren hainbat guraso, eta haien aurka ere gogor oldartu zen Espainiako Polizia.

Jazotakoa auzoan barrena zabaldu ahala, komisaldegira bertaratu ziren hainbat bizilagun, haserre. Bertan, Poliziak pilotakadaz egin zien eraso.

Protesta

Larunbat eguerdirako, elkarretaratzea deitu zuen auzoan Alde Zaharreko Jai Batzordeak, inauteri jaietan jasandako oldarraldi poliziala salatzeko asmoz. Zauritutako gazteari elkartasuna adierazi zioten bertaratutakoek, eta hainbat eragilek ere salatu dute asteburuan gertatutakoa; tartean, Iruñeko Peñen Federazioak.

NO HAY COMENTARIOS