ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/11/14 16:55

Hainbat kolektibok emandako datuen arabera, etxerik gabeko 270 bat pertsona bizi dira Iruñean (Nafarroa), eta horietatik 100 bat pertsonak, migrante gazteak gehienak, kalean egin behar izaten dute lo gaur egun. Negua gerturatzen hasia da, eta Nafarroako hiriburuan tenperatura 5 gradutik beherakoa izaten ari da gauean. Hotz-bolada garaian, teorian, etxerik gabeko pertsonen arretarako protokoloa jarri zuen martxan Iruñeko Udalak (EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa), azaroaren 1ean.

Hotz-boladen aurkako protokoloa, baztertzailea

Protokolo hori, ordea, baztertzailea dela kritikatu izan dute hiriko zenbait kolektibok. Antza denez, 2016ko ordenantza berreskuratu du udalak, eta baldintza jakin batzuk barne hartzen ditu horrek. Horien artean, udalaren hotz-boladen kontrako protokolo berriak lehentasuna ematen die Iruñean gutxienez urtebetez erroldatuta egon diren pertsonei. Dena den, etxerik gabeko pertsonek zailtasun eta traba handiak izaten dituzte erroldatzeko.

Inbertsioak gora egin du, baina kale gorrian daude dozenaka gazte

Zalaparta handiz iragarri zuen udalak etxerik gabeko pertsonei aterpea emateko udal-inbertsioa handituko zuela, eta urriaren hasieran aurrekontua 3,2 milioi eurora iritsiko zela adierazi zuen; hau da, iaz baino %80 gehiago. Guztira, arreta hori emateko 165 plaza daude gaur egun Iruñean, udalaren arabera.

Hala ere, etxerik gabeko pertsona guztiak artatzeko nahikoa plaza ez dago. Ondorioz, 100 bat pertsona dira, gazte migranteak gehienak, azken egunetan kale gorrian lo egin behar izan dutenak, 3ºC-ko tenperaturan edo txikiagoan.

Etxerik gabeko pertsonen miseria ere negozio

Inbertsioaren zati handi bat, hala ere, hotel pribatuak ordaintzera bideratzen du udalak. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk udan salatu zutenez, hotelek "behe-denboraldian etxegabetutako pertsonekin betetzen dituzte logelak", eta "koordainketa sistema baten bidez" jasotzen dute diru publikoa. Baina udan, sanferminetan bereziki, "hoteletatik botatzen dituzte [etxerik gabeko pertsonak], gela horiek turismoaren zerbitzura jartzeko eta beren irabaziak handitzeko", sindikatuen esanetan.

Ruben Unanua Iruñeko Udaleko gizarte-zerbitzuetako zuzendariak Berria-n onartu zuenez, handitu egin behar izan dute adingabeak dituzten familiak artatzeko aurrekontu hori. Iaz 300.000 euro gastatu zituzten pentsioak eta hotelak ordaintzen, eta aurten 600.000 euro baino gehiago xahutu dituzte horretan jada. Antza denez, urtea amaitzen denerako, milioi bat euro erabiliko ditu udalak, eta NGS Hoteles kateak poltsikoratuko du diru-partida horren zati handi bat.
NO HAY COMENTARIOS