ACTUALIDAD / Consejos socialistas
Informatzeko eskubidea eta Pablo Gonzalezen askatzea aldarrikatuko ditu bihar Busturialdeko Kontseilu Sozialistak
Elkarretaratze bat egingo dute bihar Gernikan, 19:00etan. Aurreko astelehenean atxilotu zuten kazetari bizkaitarra Polonian, eta espioitza delitu bat leporatuta, hamar urterainoko espetxe zigorra ezar diezaiokete.
2022eko martxoaren 10
Informatzeko eskubidea eta Pablo Gonzalezen askatzea aldarrikatuko ditu bihar Busturialdeko Kontseilu Sozialistak

Otsailaren 28an atxilotu zuten Pablo Gonzalez kazetaria Polonian, Ukrainaren eta Poloniaren arteko mugatik gertu. Ukrainan leher egin duen gudaren berri ari zen ematen nabarniztarra, esaterako, errefuxiatu-olatuen inguruan informatuta; Público zein Gara hedabideentzat aritzen zen, besteak beste. Poloniako segurtasun agentziak esan du, ordea, Errusiako Inteligentzia Departamentu Zentralari informazioa ematen ziola Gonzalezek, eta espioitza delitu bat leporatuta kartzelaratu dute Rzeswów-ko espetxean. Antza, hamar urterainokoa izan daiteke ezar diezaioketen kartzela-zigorra.

Hamar egun igaro dira kazetaria atxilo eraman zutenetik, eta oraindik ez diote utzi bere gertukoekin edo abokatuarekin hitz egiten.

Gonzalez Nabarnizko (Bizkaia) bizilaguna izanik, protestara deitu du Busturialdeko Kontseilu Sozialistak, kazetariaren askatzearen eta informatzeko eskubidearen alde. Bihar, martxoaren 11n, izango da elkarretaratzea, 19:00etan, Gernikako (Bizkaia) Merkurio iturriaren aurrean.