Bizitzaren garestitzeak ez du etenik. Inflazio orokorrak hirugarren hilabetez egin du gora Espainiako Estatuan, %6,1ean kokatuz. Espainiako Estatistika Institutuak (INE) argitaratutako datuen arabera, inflazio orokorraren datuak 2022ko abendutik hiru hilabetez jarraian igo dira, udatik zekarren beheranzko joera hautsita. Kontrara, kontsumo prezioen indize egonkorragoa erakusten duen azpiko inflazioaren igoerak ez du etenik izan, 2022 hasieratik goranzko joera etengabea erakutsi baitu, otsailean %7,7ko urte arteko igoera izanik.
INEk neguko sasoirik hotzenean "elektrizitatearen prezioan izandako gorakadari" eta "elikagaien zein edari ez-alkoholikoen prezioen igoera etengabeari" egotzi dio inflazioaren igoera. Hilabeteko aldeari begiratuta, %1 igo dira prezioak orokorrean, urtarrileko azken datuarekin alderatuta.
Enpresen irabaziak goraUkrainako gerrak energiaren prezioen gorakada eta hornidura-kateen hauste partziala eragin zituen. Gerra hasi eta urtebetera, ekoizpen prezioek egonkortzera egin dute, kontsumo prezioen indizeak gorantz jarraitzen duen bitartean. Hala erakusten dute INEk argitaraturiko esportazio zein inportazio industrialen prezioen indizeek, biak 2022ko udaren hasieran izandako puntu maximoetatik nabarmen jaitsi baitira. Zehazki, esportazio industrialen indizea %5,7an kokatu da otsailean, 2022ko ekainean jasotako %21,8ko datutik urrun. Inportazio industrialei dagokienez, indizea %11,3an kokatu zen, hori ere 2022ko apirilean erregistratutako %31,7ko datutik nabarmen jaitsita.
Enpresen irabazi tasak orokorrean igotzea eragin du horrek, merkantziak euren ekoizpen kostuen gainetik ari baitira saltzen, nabarmen. Igoerak, ordea, ez dira enpresa energetiko zein finantzarioetan bakarrik gauzatzen, industria kate ia gehienetan baizik. Gertuko lekuko da aste honetan bertan Amurrioko (Araba) Tubos Reunidos enpresa industrialak iragarritako 2022ko irabazi historikoak, 2021ekoen bikoitzak: 43,5 milioi euro. Ekoizpen kostuetan izandako igoerak merkatu prezioetara eramanda ere, Arabako enpresa industrialak 2008tik izandako fakturazio daturik onenak erregistratu ditu.