Frantziako Poliziak asteartean atxilotu zuen Igor Uriarte preso
politiko ohia Urruñan (Lapurdi), Frantziako Estatuan bizitzeko debekua
urratu zuelakoan. Gaur, urriak 8, Baionako (Lapurdi) auzitegiko epaile
baten aurretik pasatu da,
gaua bertako espetxean iragan ondoan. 2021. urteko irailaren
21era atzeratu du auzia epaileak, eta denbora tarte hori izango du
Uriartek lurralde debekua altxa diezaioten eskatu eta bere egoera
"legeztatzeko". Horren erabakia, ordea, Parisko Auzitegian hartua izanen da, duela
hiru urte han ezarri ziotelako zigorra.
Momentuz indarrean da gasteiztarraren aurkako lurralde debekua, beraz. Urruñan bizi da 2019tik, eta han egiten du lan. 2013an atzeman zuten Frantziako Estatuan, eta bost urteko kartzela zigorra bete zuen. 2018an
geratu zen aske, eta Frantziako Estatuan bizitzeko debekua aplikatu zioten.