ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: IKAS
2020/12/02 15:10

Ikasle Autodefentsa Sareen plataforma nazionalak (IKAS), urriaren amaieran abiatu zuen testigantza-bilketa bat ikasleen artean, eta erantzunetatik ateratako ondorioak plazaratu berri ditu. Guztira, 1.700 ikasle baino gehiagoren testigantzak bildu dituzte IKASeko kideek, eta "ikastetxez ikastetxe ibili ondoren, egoerak aztertzeko aukera" izan dutela diote.

Ikastetxe guztietan egoera "desberdina" dela ikusi arren, "hainbat antzekotasun" nabarmendu dituzte aztertutako heziguneetan. Lau problematika nagusi identifikatu dituzte ikasleek bizi izan dituzten zailtasunen artean; hala nola, "hezkuntzaren kalitatearen kaskartzea", "egoeraren gaineko kudeaketa eskasa", "osasun bermeen falta" eta "askatasun politikoen urraketak".

HEZKUNTZAREN KALITATEAK OKERRERA

IKASen iritziz, "testuinguru berria" da COVID-19ak zabaldu duena, "baita hezkuntza esparruan ere". Horren baitan, hezkuntzaren kalitateak "behera" egin duela salatu dute, eta ondorioz, ikasketa prozesua "nabarmen okertu dela" ikasleentzat. Halaxe baieztatzen dute inkesta bete duten ikasleen %56,7k.

EGOERAREN KUDEAKETA TXARRA

Gainera, egoeraren kudeaketari dagokionez, agintarien eta orokorrean Estatuaren partetik izandako esku-hartzea "eskasa" izan dela dio ikasleen %58k. Horri lotuta, %72,5en iritziz, "ez dira segurtasun neurriak errespetatzen" heziguneetan.

OSASUN BERMERIK EZ

Gauzak horrela, ikastetxeetan jazotako kutsatze mailak "altuak" izaten ari direla salatu du IKASek, "informazioa ezkutatu nahian dabiltzan arren". Zenbait adibide esanguratsu igorri ditu ikastetxeetako errealitate birikoa azaltzeko. Urriaren 27an, adibidez, EAEko 90 ikastetxetan 133 ikasgela zeuden itxita, koronabirus kasuen maila gorenak bitarteko. Inkestei esker jakin dutenez, zentro batean "66 positibo" atzeman ziren, eta beste batzuetan ere kasu ugari identifikatu dira, "ikastetxeko zortzi eta hamabi kasu artean", zehazki.

Ondorioz, ikasleek konfinamendua bete behar izan dute, eta egoera horrek "klaseak jarraitzeko, azterketak egiteko eta berdin ebaluatzeko zailtasunak" eragin omen ditu eurengan. IKASek bildutako datuen arabera, ikasleen %45,5ek dio "kutsatzeak jada gertatu egin direla eta ez zaiela aurrera jarraitzeko laguntzarik bermatu". %19,8k, berriz, oraindik bizi izan ez badu ere, "arazoak izango dituela" aurreikusten du.

ASKATASUN POLITIKOEN URRAKETA

Azkenik, biltzeko, tailerrak egiteko, hitzaldiak prestatzeko eta bestelako jarduera politikoak egiteko aukeren inguruan galdegin die IKASek ikasleei. Erantzunei erreparatuta, %36,4k diote "zuzendaritzak ez diela lekurik utzi" ikasleei eta %30,5ek, aldiz, "traba eta zailtasun handiak" izan dituztela espazioak lortu ahal izateko.