Iberdrolak 5.612 milioi euroko irabazi garbiekin itxi zuen 2024a, aurreko urtean baino %17 gehiago, Balore Merkatuaren Espainiako Batzordean (CNMV) berriki aurkeztutako emaitzen arabera. Irabazi operatibo gordina (EBITDA) 16.848 milioikoa izan zen, 2023an baino %17 gehiago hori ere. Energia-konpainiak 17.000 milioiko inbertsio errekorrekin lotu zituen emaitza horiek, 2023an baino %50 handiagoak izan baitziren. Horietatik 12.000 milioi inbertsio organikoei dagozkie eta 5.000 milioi Avangrideko eta ENWko eragiketa korporatiboei, eta inbertsioen %70 egin zituzten Erresuma Batuan eta AEBetan.
Enpresak iragarri du dibidendua %15 handituko duela, hau da, 0,635 euro akzio bakoitzeko. Gainera, 2025erako, 5.300 eta 5.400 milioi arteko irabazi garbiak aurreikusten ditu, Plan Estrategikoko aurreikuspenak gaindituta. Iberdrolak nabarmendu du, bestalde, 158.000 milioi euroko aktiboak dituela, 90.000 milioi inguruko kapitalizazioarekin. Hori dela eta, Europako lehen utility-a da, eta munduko hiru handienen artean dago.
2024an, Iberdrolak 18.000 milioiko erosketak egin zizkien hornitzaileei, 500.000 langile inguru enplegatzen dituzten enpresa batzuei sostengua emanez. Konpainiak 6.000 langile berri hartu zituen iaz, plantilla 42.300 pertsonakoa izateraino handituz. Bere ekarpen fiskal orokorra 10.300 milioikoa izan zen, 4.300 milioirekin Espainiako Estatuan, 2023an baino %14 gehiago. Halaber, enpresak nabarmentzen du murriztu egin dituela CO2 emisioak, "kWh bakoitzeko 38 gramora", sektoreko batez bestekoa baino bost aldiz gutxiago. Banatutako elektrizitatea, berriz, %1,9 hazi zen iaz, 238.164 GWh-ra iritsi baitzen.