Ibilgailuen osagaiak ekoizten dituzte Gasteizko (Araba) Mecanizado de Cremalleras de Dirección (MCD) enpresan, eta Sidenor taldearen parte da. Gaurtik hasita, langileak hamar egunez izango dira greban, itun kolektiboari buruzko negoziaketak desblokeatu daitezela eskatzeko. Joan den otsailean hasi ziren hitzarmenaren inguruko elkarrizketak, baina, ELA sindikatuak jakinarazi duenez, negoziaketa geldirik dago une honetan.
Itunaren bidez, erosahalmena bermatzeko baldintzak lortu nahi dituzte langileek, eta euren "pobretzea ekidingo duen" soldata-igoera bat nahi dute. Sei urte daramatzate izoztuta euren soldatek. Bestalde, urteko lanaldia murriztea eta hasten diren langile berrientzako prestakuntza-plan egoki bat egotea exijitzen dute.
35 langile dira MCDn. Itunari buruzko negoziaketek blokeatuta jarraitzen badute, greba luzatzeko prest daudela ohartarazi dute.