Aste honetan atera da argitara zer jasan behar izan duten hainbat emakume langilek Getxon (Bizkaia). Taberna batean miseriazko baldintzetan lan egitera behartu dituzte: kontraturik gabe, asteko zazpi egunetan eta hamar orduko lanaldiekin aritu dira; eta hilean 800 eurora ere heltzen ez ziren soldaten truke. Jabeetako batek, gainera, sexu-erasoak ere egin dizkie beharginei: ukituak eta etengabeko eskaintza sexualak egin dizkie, euren senideei hona migratzen laguntzeko xantaia erabilita.
Bart markatu dute emakume horiek esplotatu eta erasotu dituzten jabeen taberna. Pintura bota dute lokalera, eta aldarri bat margotu dute horman: Erasoen aurrean klase batasuna.
Emakume bat, prostituitzera behartua Barakaldon
Bestalde, beste emakume migrante batek Barakaldon (Bizkaia) pairatutakoaren berri ere eman dute azken egunetan. Bahitu egin zuten bi proxenetak, eta 21 egunez behartu dute Barakaldoko pisu batean prostituzioan aritzera. 47 gizonekin sexu-harremanak izatera derrigortu dute, kondoirik gabe eta drogak hartuta.