Lizarrako (Nafarroa) Pikutara Mugimendu Antierrepresiboak jakinarazi duenez, "indar errepresiboek gutxienez 191 kontrol egin dituzte Lizarraldean" azken hiru hilabeteetan. Pikutarak hainbat informazio-iturri erabilita lortu du zenbaki hori, baina "kopuru erreala handiagoa" izango dela ohartarazi du, "kontrol asko guk jakin gabe egiten baitituzte".
Azaroan, abenduan eta urtarrilean Lizarraldean izan diren 191 kontroletatik, 113 egin ditu Guardia Zibilak, eta 78 Foruzaingoak. Uztailetik urrira bitartean, 277 kontrol zenbatu zituen Pikutarak.
200 guardia zibil gehiago
Gainera, mugimenduko kideek salatu dutenez, "txikitu beharrean, Guardia Zibilaren presentzia Nafarroan areagotu egingo dela dirudi". Izan ere, Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuaren ordezkariak duela astebete iragarri zuen 200 guardia zibil gehiago izango direla Nafarroan hilabete bukaeran. "Guardia Zibila ez da Nafarroatik joango", adierazi zuen Arastik.
Identifikazioak
Bestetik, Pikutara mugimenduko kideek gogoan izan dute urtarrilaren 30eko greba orokorra. Izan ere, salatu dute egun horretan hainbat lagun identifikatu zituela Guardia Zibilak Lizarran.